Rubiken kuboa ez da lehengoa. Dagoeneko askok lortzen dute osatzea, eta ez dira gutxi oso tarte txikian egiten dutenak ere. Euroligako A multzoak ere kubo horren antza dauka, korapiloa handi samarra baita. Nola askatu, ordea? Gutxienez hurrengo ostegunera arte itxaron beste erremediorik ez dago, orduan bukatuko baita 9. jardunaldia. Gaur, talde bakarra dago sailkatuta: Bennett Cantu. Multzoko bigarrena da, baina irabazita dauka puntu aldea Gescrap Bizkaia eta Nancyrekin, eta, berdinketa izanez gero, bi horien aurretik geratuko liteke beti. Italiarrek geratzen zaizkien bi partidak galdu beharko lituzkete hori gertatzeko.
Inor ezin da lasaitu, dena den. Sei taldeek dute sailkatzeko aukera, baina, jakina, ia-ia ezinezkoa da Nancyrentzat, Nicolas Batum gabe okerrera egin duelako nabarmen, eta azken bi partidetan Caja Laboral eta Olympiakos izanen dituelako aurkari, Gasteizen lehena, eta etxean bigarrena. Zoritxarrez, Gescrap Bizkaia antzeko ataka zailean dago. Geratzen zaizkion bi partidak irabazten baditu, Top 16an sartuko da, baina hurrengo ostegunean daukan norgehiagoka oso zaila da: Fenerbahce Istanbulen.
Partida hori da, hain zuzen ere, giltzarria. Panorama argitu edo nahastuko duena. Turkiara begira egongo dira gaur-gaurkoz lau lehen postuetan dauden taldeak, Bizkaiak galtzea asko leunduko die Top 16ko bidea Baskonia eta Olympiakosi. Hainbesterako, non jardunaldi horretako euren partidak irabazita barruan leudekeen. Nancy hartuko dute gasteiztarrek, eta Cantu greziarrek, Atenasen. Zer gertatuko litzateke, ordea, Bizkaiak Sinan Erdem kantxa handian irabaziko balu? Kaosa, nahasmena.
Kalkulagailuak, sutan
Bizkaia 4-5 markarekin utziko luke horrek, eta euren esku geratuko litzateke Top 16a. Barruan leudeke ziur Miribillan Baskonia menderatuko balu. Pentsatu une batean egoeran. Abenduaren 22a, bi euskal talde Top 16aren bila, elkarri gorroto handi samarra dioten bi taldeen artean. Burdindegi itxura hartuko luke pabiloiak. Bizkaia puntu aldeen borrokan sartzeak zeharo aldatzen du egoera. Borroka hori galdua du Canturekin, baina irabazia Olympiakosekin. Fenerbahce eta Baskoniaren aurkakoa oraindik argitzeko dago.
Logikak dio Nancy eta Bizkaia geratuko direla bidean, baina kalkulu eta aurreikuspen askok zakarrontzian bukatzen dute, asmatu ez delako. Fenerbahce sendo ari da bigarren itzulian, eta, behin multzoko lidergoa lortuta, Turkiako taldea da ligatxoa bukatu ostean lidergoa lortzeko hautagaia. Italiako Cantuk, ordea, ez dio erraztasunik emango. Grezian ostegunean galduta ere, Fenerbahce hartuko du azken jardunaldian, etxean, Palla Desion. Baskoniak, berriz, bi partidak irabazi eta zain geratu beharko du, bere postua zein den jakiteko, baina bi garaipenek lehen bi postuetan kokatuko dute.
Rubiken kuboa dirudi
Dena dago erabakitzeke Euroligako A multzoan, eta Bizkaiak Fenerbahce garaitzen badu, dena nahastuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu