Klase handia dauka Rui Costak (Movistar), eta beste behin ere erakutsi du. Ihesaldietarako aproposa zen Frantziako Tourreko 16. etapa, eta borroka handia izan da lehen kilometroetan. Ederki kostata, baina 26 txirrindulariko taldea sortu da aurrean, besteak beste Costa, Mikel Astarloza (Euskaltel), Philippe Gilbert (BMC) eta Andreas Kloeden (RadioShack) tartean zirela. Hamabi minututik gorako aldea lortuta, Manse bigarren mailako mendatean gora erasoka hasi dira aurrean, eta Rui Costarena izan da denetan erasorik serioena. Mendiko pankartapetik 50 segundorekin igarota, bakar-bakarrik iritsi da Gapeko helmugara, gozatuz. Zazpigarren helmugaratu da, azkenean, Astarloza, 1.01 minutura.
Bazirudien tropelean ez zela izango gorabehera askorik, baina Omegak eta Katuxak zalaparta sortu dute Mansen, eta tropela txiki-txiki eginda geratu da. Erasoka aritu dira Joaquim Rodriguez (Katuxa), Alberto Contador eta Roman Kreuziger (Saxo), eta galtzaile dezente utzi ditu etapak. Gainerako faboritoekiko minutua galdu dute, besteak beste, Laurens Ten Damek (Belkin), Jakob Fuglsangek (Astana) eta Jean Christophe Peraudek (Ag2r), eta 1.39 Michal Kwiatkowskik (Omega). Poloniarrarekin batera helmugaratu da Mikel Nieve ere (Euskaltel). Erasoka ari zela, Mansen behera lurrera erori da Contador eta larri ibili da Froome bera ere, baina arazo handirik gabe bat egin dute gainerako faboritoekin.
Embrun eta Chorges artean, 32 kilometroko erlojupeko gogorra izango dute bihar. Bigarren mailako bi mendate dauzka ibilbideak, eta alde handiak espero dira faboritoen artean.