Athleticek urtero ematen ditu, talde bakarrean aritu diren futbolarien ibilbidea aitortzeko sariak. Aurten, Ryan Giggs eta Pia Wunderlichentzat izan dira sariak. Giggsen kasuan, 24 sasoiz jantzi zuen Manchester Cityren elastikoa, eta guztira 963 neurketa jokatu zituen. Bi aritu zen San Mames zaharrean. Lehena Galeseko selekzioarekin izan zen, eta gol bat sartu zuen; bigarrenean, berriz, Manchester Unitedekin, Europa Ligan. Zuri-gorriek Manchester kalean utzi zuten kanporaketa gogoangarrian izan zen; Giggs 68. minutuan aldatu zuten, eta zaleek txaloka agurtu zuten.
Wunderlich Frankfurteko izarra izan da, eta garaipen zerrenda mardula du. Hiru aldiz irabazi zuen Txapeldunen Liga, eta sei aldiz Bundesliga. Alemaniako selekzioarekin, haatik, Munduko Kopa bat (2003) eta brontzezko domina bat Atenasko Olinpiar Jokoetan. (2004) Hamasei denboraldi egin zituen Frankfurten, eta 102 aldiz jantzi zuen Alemaniaren elastikoa.
Bi jokalariek pozik hartu dute sarituak izatea, eta osasun baldintzek ahalbidetzen dutenean egingo zaie aitortza, San Mamesen. Aurretik honako jokalari hauek jaso dute talde bakarreko jokalari izatearen saria: Matthew Le Tissierrek, Paolo Maldinik, Sepp Maierrek, Carles Puyolek, Billy McNeillek eta Malin Mostromek.