Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Saganek, hanka bakarrarekin

Azken aldapan ez du kontrariorik izan eslovakiarrak, eta aurtengo Tourreko bigarren garaipena lortu du; Cancellarak jarraitzen du lider

Saganek, hanka bakarrarekin.
jon eskudero
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Oraingoz izen propio bakarra dauka aurtengo Tourrak: Peter Sagan (Liquigas). Haren aldeko apustua egin duenak ez du damu handirik izango. Nola, bada? Suitzako eta Kaliforniako itzulietan bezala, pedal kolpe ikusgarriarekin dabil Frantziako errepideetan, eta lehenengo astean, behintzat, ez dauka kontrariorik. Herenegun nagusi izan zen, eta atzo ere bai. Erakustaldi galanta eman zuen helmugako aldapa gogorrean, arnasa berotu gabe utzi baitzituen atzean gainontzekoak. Malda apur bat gogortu zenean ziztu bizian agertu zen eslovakiarra, eta garaipena behar bezala ospatzeko beta ere izan zuen. Zilegi litzateke hanka bakarrarekin irabazi zuela esatea. Bigarren, Edvald Boasson Hagen (Sky) sailkatu zen, eta hirugarren, Peter Velits (Omega). Lider Fabian Cancellarak jarraitzen du (RadioShack).

Tropeleko txirrindularirik indartsuena izan zen Sagan, inolako zalantzarik gabe. Baina eguneko ezustekoa emateko zorian beste bat egon zen: Sylvain Chavanel (Omega Pharma-Quick Step). Helmugarako sei kilometro falta zirela eraso latza jo zuen. Pentsa, Liquigas tiraka ari zen, eta hala ere metro batzuk irabazi zituen frantziarrak. Hamabost segundoren aldea izan zuen azken kilometroan sartzean, baina atzeko txirrindulariak ez, aldapa bera izan zuen aurkaririk gogorrena. Berehala jan zuten, eta momentu erabakigarrian denak elkarrekin sartu ziren.

Bada, hortzak gehiegi estutu gabeko garaipena lortu zuen Saganek, nahiz horrek ez duen adierazten etapan ez zuenik sufritu. Helmugarako 52 kilometro falta zirela, gurpila zulatu zitzaion, eta denbora dezente galdu zuen. Tropelak ez zuen alferrik galdu aukera. Movistarrek berehala eman zuen aurpegia, eta jo eta ke tiraka jardun zen aurkari gogor hori atzean uzteko asmoz. Nonbait, itxaropen handia zuen Alejandro Valverderengan. Halakoetan enbidoa ez, hordagoa jo behar izaten da, eta halaxe egin zuen Espainiako taldeak. Ordea, Liquigas ez zegoen barkatzeko. Ia talde dena lanean jarrita Sagan tropelera itzuli zen berriro. Bazirudien faborito guztiak elkarrekin joango zirela etapa irabazteko lehiatzeko, baina ez.

Inor ezin izan zen egon lasai. Tourraren lehen astean ez da deus irabazten, baina galdu bai, eta erne ibili behar izan zuten hainbatek. Philippe Gilbertek (BMC), esaterako, arazoak izan zituen. Matxura bat izan zuen bizikletan, eta ederki kosta zitzaion tropelean sartzea. Azkenean, lortu zuen, baina aurrez erabilitako indarrak falta izan zitzaizkion gero, eta ez zen azaldu ere egin etapa irabazteko lehian. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Valverderi berari. Biribilgune batean errepidetik irten zen eta ezertarako aukerarik gabe geratu zen.

Ruben Perez ihesaldian

Hori nahikoa ez, eta Samuel Sanchezek berak ere (Euskaltel-Euskadi) gorriak ikusi zituen. Bizikletaren kateak buruhauste franko sortu zion, eta momenturen batean haserre galanta erakutsi zuen. Antolatzaile lanetan aritzen den auto bat aritu zitzaion konponketa lanetan, eta kostata izan arren, susto batean geratu zen dena. Hori bai, talde laranjak lan aparta egin zuen Sanchezen mesedetan. Mikel Astarlozak, Egoi Martinez ek eta Gorka Izagirrek txapela kentzeko moduko lana egin zuten Sanchez onenen artera bueltatu ahal izateko. Gero asturiarrak ez zuen hutsik egin.

Baina Euskalteleko norbaitek aipamenik merezi badu, Ruben Perezek egin zituen horretarako merituak. Iaz sekula ahaztuko ez duen Tourra egin zuen, hainbat ihesaldi harrapatu baitzituen. Bada, aurten ere bide beretik jarraitu nahi du. Zortzigarren kilometroan aurrera egitea erabaki zuen, beste lau txirrindulariren laguntzaz, eta lana gogotik egin zuen. Ordea, maldak azkar jartzen du bakoitza bere lekuan, eta Perezi nahi baino lehen igarri zitzaion ezina. Azken-aurreko mendatean irentsi zuen tropelak, eta hantxe amaitu ziren Zaldibarkoaren ametsak. Badirudi oraindik ez dagoela iaz bezain sasoi onean.

Protagonista asko utzi zituen atzoko etapak, eta, zoritxarrez, erorikoak ugari izan ziren: lau guztira. Batzuetan ez zen ezer larririk gertatu, baina Jose Joaquin Rojasek (Movistar) eta Kanstantsin Sivtsovek (Sky) Tourra utzi behar izan dute. Pablo Urtasun ere (Euskaltel-Euskadi) arazoekin ibili zen. Gaur, etapa lasaia dute txirrindulariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.