Saganen beharrik gabe

Patrick Konradek bigarren garaipena eman dio Bora taldeari Tourreko 16. etapan. Ihesaldiko ausartena eta indartsuena izan da. Aranburuk seigarren bukatu du. Ez da alderik izan faboritoen artean.

Patrick Konrad, gaurko Tourreko etapa garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 13a
18:53
Entzun

Bora taldeak ez du Peter Saganen beharrik Tourrean etapak irabazteko. Eslovakiarrak lasterketa utzi eta egun berean nagusitu zen Nils Politt, duela astebete; eta gaur, bigarren garaipena patrikaratu du Patrick Konradek talde alemaniarrarentzat. Ausarta bezain indartsua izan da Austriako txapelduna, sasoi handia behar baita ihesaldian jo eta ke aritu, 37 kilometroren faltan bakarrik abiatu, eta helmugara 42 segundoko errentarekin iristeko. Sonny Colbrellik (Bahrain) irabazi du gainontzeko iheslarien esprinta, Michael Matthewsen (Bike Exchange) aurretik. Seigarren sailkatu da Alex Aranburu (Astana), eta hautagaiak batera iritsi dira, bukaeran izan den oldarraldiaren ostean.

Indarberrituta hasi dute etapa txirrindulariek, bezperan atseden hartu eta gero. Irten eta berehala, tropeletik eskapo egin du Kasper Asgreenek (Deceuninck), eta eguneko lehen mendatean, Col de Porten, batu egin zaizkio Michal Kwiatkowski (Ineos) eta Mattia Cattaneo (Deceuninck). Hirukotearen saiakera ezerezean gelditu da jaitsieran. Ia ziurra zen ihes egitea lortzen zutenen artean jokatuko zela etapa, eta mundu guztiak sartu nahi zuen aurrean. Kilometro askoko borrokaren ostean, beste hiru txirrindularik ireki dute tartea: Jan Bakelantsek (Wanty), Fabian Doubeyk (Total Energies) eta Cristopher Juul-Jensenek (Bike Exchange). 11 ziklistako multzo bat irten da haien atzetik; han ziren Konrad, Aranburu, Colbrelli, Matthews eta David Gaudu (Groupama).

Col de Core igo dute hurrena, eta han, aurreko hirukotearen bila irten da Konrad, bakarrik. Helmugarako 71 kilometrora harrapatu ditu. Jensen moztuta gelditu da, ezinak jota, eta atzeko multzoak oso gutxirengatik ez du lortu lasterketa burura iristea, Gauduren joari esker. Mendate gainean, begi-bistan zituzten Konrad, Bakelants eta Doubey. Maldan behera lasai asko harrapa zitzaketen, baina ihes egiten utzi diete. Geroago damutuko zitzaien Konrad orduan harrapatu ez izana.

Austriarra minutu erdiko errentarekin iritsi da Col de Portet-d'Aspetera, bi iheskideekin batera. Gainetik lau kilometrora utzi ditu atzean. Gauduk ez zuen amore eman nahi, eta indarrez irten da haren bila. Aranburu lehertu egin da frantziarrari ihardetsi nahirik, eta soilik Colbrelli izan da eusteko kapaza. 22 segundo eskasera gerturatu zaizkio Konradi, baina jaitsieran eta ordekan handitu egin du errenta Borakoak. Eutsi egin dio joari, eta erorikoak saihestu ditu bihurgune bustietan. Ondo merezitako garaipena izan da.

Faboritoek bil-bil eginda egin dute ia etapa osoa, tropelaren gerizpean. Oso amaieran mugitu dira, helmugatik 8 kilometrora zegeon laugarren mailako koska batean. Guillaume Martinek (Cofidis) piztu du sua, eta tentsioa mantendu Wout van Aertek (Jumbo Visma). Etena izan da tropelean, baina faborito guztiak aurrean ziren. Batera iritsi dira helmugara, Richard Carapaz (Ineos) buru.

Oilarren arteko lehia handia espero da biharko etaparako. Hiru mendate gogor kateatuko dituzte azken kilometroetan: lehen mailako Peyresorude eta Val Louron-Azet, eta bukaerako Portet, maila berezikoa, hamasei kilometro eta %8,6ko pendizarekin. Ikusteko dago nori igoko zaion gandorra, eta nori jaitsi. Oraintxe, tente du Tadej Pogacarrek (UAE) alde handiz baitago lider: 5.18ra du Rigobertu Uran (Education First), 5.32ra Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) eta 5.33ra Carapaz. Pello Bilbaok (Bahrain) hamargarren postuan helduko dio azken txanpari, 10.59ko galerarekin. Zail du postu gehiago aurreratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.