txirrindularitza

Sagasti hilik azaldu da bere etxean

Euskadi taldearentzat hark irabazi zuen lehenengo etapa: 1994ko Euskal Herriko Itzulian, Azpeitian. Ez zuen besorik ere altxatu; "ihesean nindoala, garaipenean pentsatzeko astirik ere ez nuen eduki. Hainbestekoa zen presioa, autokoen oihuak, helmugako marra igaro beste helbururik ez neukala". 39 urte zituen eta Mungiakoa zen. Hileta elizkizuna bihar izango da, Mungiako San Pedro elizan, 19:00etan.

2009ko azaroaren 10a
10:57
Entzun
Agustin Sagasti txirrindulari ohia hilik azaldu zen atzo bere etxean, Mungian (Bizkaia). Bakarrik bizi zen eta egunero gurasoen etxera joaten zen bazkaltzera. Atzo, azaltzen ez zela-eta, ama arduratu egin zen eta semearen etxera joan zen, ea zer gertatzen zitzaion jakitera. Hilda topatu zuen. 39 urte zituen Sagastik. Bihar egingo dute hileta elizkizuna, Mungiako San Pedro elizan, 19:00etan.

Hark lortu zuen lehen garaipena Euskadi taldearentzat, Azpeitian (Gipuzkoa): 1994ko Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapa (Bera-Azpeitia, 121 kilometro), ihes eginda. "Orio aldean jo nuen erasoa. Gelditu egin zen tropela, eta orduan egin nuen aurrera. Etapa irabazteko asmorik gabe, jakina; hori utopia zen niretzat". Helmugan ez zuen besorik ere altxatu. "Ihesean nindoala, garaipenean pentsatzeko astirik ere ez nuen eduki. Hainbestekoa zen presioa, autokoen oihuak, helmugako marra igaro beste helbururik ez neukala", zioen BERRIAn duela urte. "Garai hartako txirrindularitza zeharo ezberdina zen, kontrolatuagoa. Tropelarekin bidea eginez gero, konforme ginen. Are gehiago gure taldea, hasiberria baitzen. Pentsa, alboan Miguel Indurain, Claudio Chiapucci eta Toni Rominger ikusita, zer egin behar nuen, 23 urterekin?". Romingerrek irabazi zuen itzuli hura.

1993an sortu zuten Euskadi Fundazioa, San Inazio egunez, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako batzarrean. Hamalau txirrindulari -Sagasti tartean-, 785.000 euroko aurrekontu xumea, 13.000 bazkide. Euskadik hamar urte bete zituenean -2003an-, Miguel Madariaga taldeko managerrak zioen Sagastirena izan zela ordura arteko "garaipenik politena". 1994 hartan Juan Carlos Gonzalez Salvador izan zen Euskadirentzat beste etapa bat irabazi zuena.

1995ean auto batek harrapatu zuen Sagasti, eta larri egon zen. Osatu egin zen, baina erretiroa hartu behar izan zuen 23 urte eskasekin. 2008an, Euskadiren hamabosgarren urteurrenean, omenaldia egin zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.