Txirrindularitza

Saiatuenaren saria, Arredondorentzat

Julian Arredondo kolonbiarrak (Trek) irabazi du Giroko 18. etapa, ihesaldian sartu ondoren Panarottan gora iheskide guztiak atzean utzita. Faboritoen artean Cadel Evansek (BMC) huts egin du, eta Pierre Rolland (Europcar) dago orain hirugarren.

unai zubeldia
2014ko maiatzaren 29a
18:38
Entzun

"Etapa bat irabaztea da nire ametsa". Eta etapa garaipen batekin eta mendiko maillotarekin dago Giroko hemezortzigarren etapa amaituta. Saiatu eta saiatu, Julian Arredondok (Trek) lortu du, azkenean, nahi zuena. Giroa hastearekin batera geratu zen sailkapen nagusirako aukerarik gabe, baina, beste helburu batzuk zehaztuta, lasterketa handia ari da egiten kolonbiarra. Gaur jokoan zeuden mendiko puntu guztiak pilatuta, ia ziurtatuta dauka jada mendiko maillota, eta Dolomitetako lehen etapa gogor-gogorra ere eskuratu du.

Dezente kostata sortu da ihesaldia, hamalau txirrindularikoa, eta tartean sartu da Arredondo. Taldetxo horretan ziren, besteak beste, Fabio Duarte (Colombia), Ivan Basso (Cannondale) eta Dario Cataldo ere (Sky). Movistarren baimenarekin, zazpi minututik gorako aldearekin ibili da ihesaldia, eta Panarotta azken mendatean gora lehiatu dute etapa garaipena. Thomas De Gendtek (Omega) jo du lehen eraso serioa, ondoren iritsi da Bassoren erantzuna, eta sei kilometro falta zirela eman du errematea Arredondok, Duarte herrikidea gertu-gertu izan duen arren.

Atzean, berriz, Cadel Evansek (BMC) egin du huts faboritoen artean, eta hirugarren postutik bederatzigarrenera jaitsi da australiarra. Pierre Rolland (Europcar) eta Wilko Kelderman (Belkin) erasoka aritu dira atzean, baina Fabio Aruk (Astana) lortu du, azkenean, hiru segundoko aldetxoa. Sailkapen nagusian Nairo Quintanak (Movistar) jarraitzen du lider, 1.41era dago Rigoberto Uran (Omega), eta 3.29ra Rolland. 3.31ra daude orain Aru eta Rafal Majka (Tinkoff), eta 3.52ra Domenico Pozzovivo (Ag2r). Giroko etaparik erabakigarrienetako bat jokatu da bihar, Monte Grappara kronoigoera. 26,8 kilometroko etapa da, eta hemeretzi kilometro dauzka igoerak, %8,1eko batez bestekoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.