Sailkapena okertu zaio

Miarritzek azken unean galdu du zigor kolpe batengatik, eta lehen postuan berdinduta dago Ulsterrekin

Dimitri Yachvili, baloia zabaltzen, sasoi honetako partida batean. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Miarritzek atzerapauso handia eman zuen atzo, Belfasteko Ravenhill zelaian. Ulsterren aurka multzoko lehen postua zegoen jokoan, eta lapurtarrek ez zuten asmatu Belfasteko taldeari irabazten. Irlandarrek, espero zitekeen bezala, oso grina handia erakutsi zuten, eta partida irabazi. Horrenbestez, Ulster eta Miarritze lehen postuan berdinduta daude hamazazpina punturekin.

Gauzak horrela, azken jardunaldian erabakiko da final-laurdenetarako sailkapena. Bi taldeak berdinduta geldituz gero, Miarritze litzateke lehena. Kasu horretan, Ulster eta Miarritzeren arteko norgehiagokak hartzen dira kontuan. Zehazki, bi partida horietan entsegu gehien sartu duen taldea pasatzen da aitzinera. Eta Miarritzek Agileran sartutako lau entseguek Ulsterren bakarrari nagusitzen zaizkie.

Baina argi ibili beharko du Miarritzek. Izan ere, Ulsterrek azken partida Aironi apalaren aurka jokatuko du. Italiarrek partida bakarra irabazi dute sasoi honetan Zelten ligan zein Heineken kopan, Miarritzeren aurka hain zuzen. Ondorioz, oso litekeena da Ulsterrek erasoko puntuarekin irabaztea Italian. Kasu horretan, garaipen soil batek ez lioke balioko Miarritzeri, eta berak ere erasoko puntua beharko luke. Baina hori lortzea oso zaila izanen du Ingalaterrako Bath hartuko baitu Agileran.

Partida itxia

Baina horiek denak hurrengo asteko kontuak dira. Atzoko partidari dagokionez, aitortu behar da Ulsterrek Miarritzek baino merezimentu gehiago egin zuela irabazteko. Oro har, partida itxia izan zen, borroka handikoa. Miarritzek, baina, bere buruarekin haserre egoteko arrazoiak ditu. Zortea alde izan zuen, lehen zatian haizea alde izan zuelako. Bigarren zatian, berriz, haizea erori zen, eta Ulsterrek ez zuen abantaila hori izan.

Entsegu aukerei dagokionez, Ulsterrek lau izan zituen, D'Arcy, Ferris eta aitzinekoen eskutik. Miarritzek, aldiz, bakarra izan zuen, bigarren zatian. Lehen zatian gaizki sartu zen partidara Miarritze, eta baloia Ulsterren eskuetan egon zen. Hala ere, Miarritzek zortea izan zuen, eta errealismo itzela ere bai. Irlandarrek ez zuten haien aukerak baliatzen asmatu. Alderantziz, Ulsterreko 22 metroetan sartu zen bi aldietan Yachvilik hiruna puntu sartu zituen, bi zigor kolperi esker.

Bigarren zatian jokoa orekatu zen. Miarritze hobeki ari zen, eta aitzinean nagusitzen hasi zen. Haizearen desabantailarik gabe, baina, Humphreys Ulsterreko irekitzaileak zigor kolpeak ostikoz jo ahal izan zituen, eta partida berdindu: 6-6. Partida bukaeran, irabazteko aukera izan zuen Miarritzek, baina Traillek ez zuen drop-arekin asmatu. Aldiz, azken unean Humphreysek zigor kolpe erabakigarria lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.