Hilabeteko atsedenaren ondoren, joan zen astean ekin zion berriz Miarritzek Top14ari, eta Bourgoini irabazi zion erasoko puntu gehigarria lortuz. Berriz ere bide biribiletik abiatu da taldea. Baina errugbiko txapelketako erritmoak ez du atsedenerako tarterik uzten, eta Eguberrietan ere jokatzen segi beharko du Miarritzek. Top14ko bi jardunaldi daude abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an. Horiek, baina, geroko aferak izanen dira. Hurrengo bi asteetan Heineken kopan sartuko da buru-belarri Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaacen taldea.
Europan ere ongi hasi zuen lehia Miarritzek, lehen bi partidak irabaziz, eta hamar puntuetatik bederatzi eskuratuz. Hurrengo bi jardunaldiak erabakigarriak izanen dira Miarritze bere multzoko lidergoan sendotzeko eta, bide batez, final-laurdenetarako sailkapena hurbilago izateko.
Hurrengo bi jardunaldietan aukera ederra du Miarritzek, multzoko talde apalenaren aurka jokatuko baitu. Aironi italiarra sasoi honetan sortutako taldea da, Viadanako talde ohian oinarrituta. Atzerrian ari diren jokalari italiar onenak herrira itzultzea da helburua, atzerriko elementu batzuekin indartuta. Italiako ligan ez, Gales, Eskozia eta Irlandako taldeak biltzen dituen zeltiar ligan jokatzen du Aironik.
Garaipena helburu
Hala ere, lehen denboraldian kostatzen ari zaio Italiako taldeari. Heineken kopako lehen bi partidak galdu egin ditu, eta tarte handiarekin, gainera. Ondorioz, irabazteko aukera ederra du Miarritzek: «Helburua irabaztea da, eta ahal bada erasoko puntu gehigarria lortzea», erran du Gonzalezek, Miarritzeko aitzinekoen entrenatzaileak. Egia da porrota oso emaitza kaskarra litzatekeela, nahiz eta etxetik kanpo aritu.
Puntuak pilatzen jarraitu nahi du Miarritzek. Horrek final-laurdenetako atea irekiko lioke, eta, gainera, partida hori Anoetan jokatzeko eskubidea emanen lioke: «Anoetako partidan pentsatu baino lehen, sailkapena segurtatu behar dugu». Gonzalezek giroa epeldu nahi du, baina miarriztarren buruan dago aspalditik Anoeta, eta, bide horretan, garrantzitsua izanen da erasoko puntu gehigarria eskuratzea. Ororen buru, hurrengo bi partiden ondotik, Miarritzek argiago ikusiko du bere burua Heineken kopan.
AIRONI-MIARRITZE
Aironi. Aguero, Ongaro, Staibano; Bortolami, Geldenhuys (kap.); Sole, Krause, Williams; Tebaldi, Marshall; Pratichetti, Pavan, Penney, Tonniolati; eta Laharraga.
Miarritze. Marconnet, Terrain, Barozzi; Thion, E. Lund; M. Lund, Hariñordoki (kap.), Lakafia; Yachvili, Peyrelongue; Balshaw, Traille, Gimenez, Ngwenya; eta Haylet-Petty.
Epailea. Peter Fitzgibbon.
Lekua. Viadanako Luigi Zaffanella estadioa (8.500 ikusle).
Ordua. 14:30 (Rugby +).
Sailkapena segurtatzera
Miarritzek Heineken kopako ligaxkako lehen postua ziurtatzeko aukera du gaur Italian, Aironiren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu