Tropelak Agnello eta Izoard igoko ditu gaur. Agnello gogorra eta luzea da. Behin bakarrik igo da azken 25 urteetan.
a. urbistondo
Donostia
Gavia baino garaiagoa da, baina ez du haren osperik. Ezta Stelviorena ere, gogorragoa izanda ere. Bi morrosko horiek Italiako mugen barnean daudelako izango da agian, baina datuen hoztasunean, Colle dell'Agnello ez dago Gavia edo Stelvioren itzalean. Haiek adina da, gehiago ez bada. 2.748 metro ditu (2.744, zenbait estatistiketan), 25 kilometroko malda, igotzen den lekutik igota, eta pendiza, beldurtzeko modukoa. www.salite.ch webguneak mundu osoko mendateen zailtasuna aztertzen du. Koefiziente bat kalkulatzen du igoeraren luzera eta zailtasunaren arabera. Gaviak 147,37koa du, Stelviok 172,26 eta Colle dell'Agnellok, aldiz, 163,13.
Stelvio gogorxeagoa da, baina aldapak atsedenik ez duelako dauka koefiziente handiagoa. Kilometro guztiak %8ko batez besteko pendizaren bueltan dabiltza. Agnellok, aldiz, lehen erdi etzana dauka. Lehen 12 kilometroak ez dira zailak. %8ko aldapak jaitsiera txikiko zatiekin tartekatzen dira. Pontechianale herrian, ordea, bat-batean bukatzen da erosotasuna. Azken bederatzi kilometroetan 900 metroko desnibela gainditzen da. Batez bestekoa erraza da: %9,8. Azken zortzi kilometroak 2.000 metrotik gora egiten dira, eta malden portzentajea harritzeko modukoa da. %8,4koa da apalena, %11,6koa handiena, eta %10etik gorako maldak etengabeak dira.
Agnello Coppi gaina izango da aurten, eta horrek erakargarritasun berezia emango dio. Oso estimatua da sari hori Italian, eta etapa mugitua izango da, ziur. Autoan ere kosta egiten da 2.744 metrora iristea, eta Agnello gainera ere oso kostata iritsi da Giroa. Azken 25 urteetan hiru aldiz hautatu dute Agnello Giroko antolatzaileek, baina pasatu, behin pasatu da. Izan ere, ezberdina da Alpeetako paisaia Giroko ibilbidearen aurkezpen egunean, azaroan, edo maiatzean. Mendate garaienak elurtuta egon daitezke bi garai horietan, baina antolatzaileek ez dute baldintza horretan sobera pentsatzen.
1995. eta 2000. urteetan Agnellotik pasatzekoa zen Giroko tropela. 1995ekoa gaurkoaren oso etapa antzekoa zen. Saluzzon abiatu zen, euria goian behean ari zuela. Elurra mara-mara egin zuen bezperan Agnellon, eta errepidea zuri-zuri zegoen. Garai hartan Carmine Castellano zen Giroko ugazaba, eta egoskor, Agnello pasatuko zela zin egin zuen. Agnellon, ordea, elurra hasi zuen berriro, eta elur oldeek hara bertaratutako zaleak eta autoak harrapatu zituen. 12 lagun zauritu ziren, eta larritasun uneak asko izan omen ziren. Pascal Richard, Rodolfo Massi eta Nelson Rodriguez Cacaito ihesean zihoazen, baina Intergiroa baino 10 kilometro lehenago, etapa bertan bukatuko zela jakinarazi zieten. Pascal Richard suitzarrak irabazi zuen etapa, eta Agnello eta Izoard beste urte baterako utzi zituzten. Alpeetako mendate garaienetako zaindariak ez zuen eman baimenik Giroak paraje haiek bisitatzeko, mendi sakratuetan gertatzen den bezala.
PANTANIREN BERPIZTEA. 2000. urterako, hain zuzen ere. Urte hartan etapa bere osotasunean korritu zen, eguraldiaren baimenarekin. Ikuskizuna aparta izan zen, eta horren erantzulea, Marco Pantani handia. Bere sasoia maldan behera zihoala zirudienean, morroi leialenaren pare jardun zuen Stefano Garzelliren mesedean. Agnellotik Chepe Gonzalez kolonbiarra pasatu zen aurrena, eta faboritoak eskutik hartuta egin zuten igoera.
Izoarden Pantaniren erauntsia hasi zen. Sei erritmo aldaketa egin zituen errenkadan, Gartzelli kidearekin ihes egiteko eta Francesco Casagrande liderra nekatzeko. Egun hartan ez zuen lortu, baina Garzellik irabazi zuen ostera, urte hartako Giroa. Briançongo helmugan Paolo Lanfranchik jaso zituen besoak garaile.
Litekeena da gaurko etapak ere antzeko bilakaera edukitzea. Agnello baino lehen, edo Agnellon bertan, erasotzeko ausardia eta indarra behar dira. Bestalde, Izoarden hanka egitea ere zaila izan daiteke, han faboritoak muturrekoka hasiko direlako elkarren aurka. Izoard ez da Agnello, baina Agnello baina min handiagoa egin dezake, eguneko bigarren aldapa gogorra delako. Arvieux eta Brunissardetik igoko dute Izoard, eta Casse Desserte paraje idorra igaro ondoren, gaina jo. 2.361 metro ditu Izoardek, 14 kilometroko luzera eta %7,1eko batez besteko desnibela. Eguraldiak ikuskizuna baimentzea bakarrik falta da orain.
SaILKaPenaK
HAMAIKAGARREN ETAPA
1. Alessandro Petacchi (Milram) 5.46.59
2. G. Balducci (Acqua&Sapone) d. b.
3. Robbie McEwen (Predictor) d. b.
4. Thor Hushovd (Credit Agricole) d. b.
5. Danilo Napolitano (Lampre) d. b.
6. Angelo Furlan (Credit Agricole) d. b.
7. K. Fernandez de Larrea (Eus.) d. b.
8. Alexandre Usov (Ag2R) d. b.
9. Robert Forster (Gerolsteiner) d. b.
10. Enrico Gasparotto (Liquigas) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Andrea Noe (Liquigas) 51.53.08
2. Marzio Bruseghin (Lampre) 1.08ra
3. D. Arroyo (Caisse d'Epargne) 1.15era
4. Patxi Vila (Lampre) 1.38ra
8. Danilo Di Luca (Liquigas) 2.58ra
13. Damiano Cunego (Lampre) 4.29ra
15. Paolo Savoldelli (Astana) 4.40ra
16. Riccardo Ricco (Saunier) 5.06ra
18. Gilberto Simoni (Saunier) 5.24ra
19. Iaroslav Popovitx (Discovery) 5.27ra
Bola-jokoa baino lehen, Petacchiren hirugarrena
A. u.Donostia
Alessandro Petacchik hirugarren etapa garaipena lortu du Giroan, eta hala, itzuliko esprinter onenaren saria lortzeko aurrerapausoa eman du. Garaipen hori baino ikusgarriagoa izan zen, ordea, tropel erdiaren erorketa. Lehen 10 postuetan sailkatu ziren txirrindulariak izan ezik, eta tropelaren atze-atzean zetozenak salbu, beste asko lurrera joan ziren erorketa saihestu ezinik. Bola-jokoko birlak bailiran, halaxe erori ziren txirrindulariak lurrera. Erori, eta irristatu. Erori, aurretik jausitakoekin tupust egin zutenek, kolpea saihestu ezinik. Irristatu, aurreko panorama ikusi eta kolpe txikiagoa hartzeko, euren burua eta bizikleta lurrera bota zutenak. Ez ziren gutxi izan 10-15 metroko bidea irristatzen egin zutenak.
Errepidea lehortzen ari zen azken kilometroetan, baina helmugaren parean putzu batzuk sortu ziren, eta haien gainean jarritako publizitatearen pinturak zeharo labainkor utzi zuen errepidea. Erorketa saihestezina izan zen. Aitor Hernandez izan zen kaltetuenetakoa. Euskaltel-Euskadikoak ezker lepauztaia hautsi zuen, eta Giroa utzi behar izan zuen.
Etapa aspergarri samarra izan zen, eta tropelak lasai antzean egin zuen bidea. Cofidis taldeko Buffazek bakarrik lortu zuen tropelaren zaintza saihestea. Sarri saiatu da Buffaz Giro honetan, baina saiatu den guztietan bezala, atzoko ahalegina ere antzua izan zen. Tropelak egiten utzi zion, eta zazpi minutuko aldea lortu ondoren arazorik gabe harrapatu zuen. Esprintean lan txukuna egin zuen Milram taldeak, baina azken kilometroan bi lerrotan banatu zen burua. McEwen eskuin aldetik, eta Petacchi ezkerretik. Aurretik zen australiarra 100 metroren faltan, baina Petacchik ondo eutsi zion australiarrari, eta gainditu egin zuen azken unean. Fernandez de Larrea zazpigarren postuan sailkatu zen.