Ikurrina zortzi mila metrotik gora igo dute gaur Jakes Salaberenbordak eta Frederic Arburuak. Euskal Herriko bi alpinista horiek hamalau zortzimiletako baten tontorrera igo dira gaur goizean: Manaslura, hain zuzen ere (8.163 metro). Munduko mendirik altuenetan zortzigarrena da.
Salaberenborda eta Arburua Manaslu 2021 espedizioko kideak dira. Baita Maialen Berterretxe ere. Azken hori, ordea, bidean geratu da. 7.600 metrora iritsi da, baina buelta eman du. Beraz, Salaberenborda eta Arburua bakarrik iritsi dira gailurrera.
Sekulako meritua du egindakoak. Izan ere, oxigenoaren laguntzarik gabe igo dira tontorrera. Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrak izan ziren hori egin zuten lehenak, 1986ko udazkenean.
Hain zuzen, Euskal Herriko beste alpinista bat, Alex Txikon, aurten saiatu da Manaslura neguan eta oxigenorik gabe igotzen, baina elurteek eta haize bortitzak haren asmoak zapuztu zituen. Arantza geratu zitzaion, eta, horregatik, aurki egingo du beste ahalegin bat.