Asteburu mugitua bizi izan du, beste behin ere, Baionak. Kirol arloan gauzak ongi doazen honetan, bulegoetatik etorri danahaste borrastea. Abenduan burrunba anitzen artean etorri eta gero, Bernard Laporte Frantziako selekzioko hautatzaile, Nicolas Sarkozyren gobernuko ministro ohi eta Baionako egungo administrazailak kluba utzi duela jakitera eman du. Bernard Laporteren erabakiari lotuta, taldeko babesle nagusi Alain Afflelouk ere denboraldi bukaeran Baiona babesteari uztea erabaki du.
Bi partitze horien gibelean, hainbat galdera piztu dira, eta Francis Salagoiti presidenteak prentsaitzinekoa eman zuen, atzo, erabakia azaltzeko. Salagoitik, lehenik, Laporteren dimisioa azaldu zuen: «Administrazio Kontseiluak kolektiboki hartutako erabakia da. Laporte bere misiotik atera da [Baionako estadioa handitzeko aholkulari gisa etorri zen hasieran]. Honen eta bestearen presidente aulkia hartu nahi izan du, estatutuak eta formak errespetatu gabe. Kirol arloan taldearen finantzak arriskuan ematen zituen erabakiak hartu nahi izan ditu. Bere asmoei ezetza eman nahi izan dio Administrazio Kontseiluak, eta taldea uztea erabaki du», azaldu zuen Baionako presidenteak.
Laporte etortzearekin batera, hainbat datu kontraesankor zabaldu ziren: Jake White Hegoafrikako hautatzaile ohia taldera etorriko zela, hainbat jokalarik taldea utziko zutela, beste hainbat etorriko zirela, gehienak hego hemisferioko izarrak... Salagoitik egoera argitu nahi izan du: «Byron Kelleher eta Sione Lauakik aitzinkontratu bat izenpetu dute gurekin, eta haiekin bilduko naiz, egoera berriarekin haien asmoak zein diren jakiteko».
Salagoitik, hainbatetan zuhurtzia hitza erabili zuen atzo, fitxaketei buruz deus ez erran eta harrobiko jokalarien balioa goraipatu zuen, taldearen finantza kudeaketaren seriotasuna azpimarratu... Laporteren etorrerarekin batera biderkatu ziren zurrumurru eroak bukatu egin direla ikustera utzi zuen haren azalpenekin.
Horiek hala, galdera ikurrik handiena Baionaren finantza egoeraren inguruan pausatzen dira orain. Alain Afflelouk, urtero lau milioi euro ematen zituen. Orain zer gertatuko da? Galderei erantzuteko, Christian Deveze taldeko presidenteorde eta finantza arduradunak hitza hartu zuen: «Hurrengo urterako, aurten bezala, hamasei milioi euroko aitzinkontu batekin lan eginen dugu. Afflelouk ez du jarraituko, baina hainbat negoziaketa bide onetik ditugu, bere babesa ordezkatzeko eta aitzinkontua berean mantentzeko».
Herriko Etxearekin borroka
Negoziaketen emaitza zein den ikusi beharko da, baina badirudi Salagoitik finantza aldetik bizkarra babestuta daukala. Sentsazio hori eman zuen, behintzat, atzo. Garbi dago, hala ere, Baiona ez dela haziko finantza aldetik. Kasu hoberenean gaurkoan mantenduko da, eta okerrenean apaltze txiki bat izanen du.
Baina gaurko erabakiak badu beste karga bat. Gauza jakina da Laporte taldera etortzea Jean Grenet Baionako auzapezak inposatutako hautua zela. Laportek berak behin eta berriz aipatu zuen Greneten izena, Salagoitirena ahantziz. Urte luzaz, Grenetek pisu handia izan du klubaren erabakietan. Laporteri ezetz erranez, lehen aldiz Salagoitik auzapezaren desioen aurka eginen du.
Datu hori berria da, eta Salagoitik erran bezala, adierazi lezake azkenean Baionak edozein elkarte anonimo bezala funtzionatuko duela. Hau da, presidenteak hartuko ditu erabakiak, eta ez kanpokoeak, eta bereziki Grenetek.
Salagoitiren kolpea
Laportek Baiona utzi du, Afflelou babeslearekin batera, presidenteak haien asmoei ezetz erran eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu