Futbolean partidaz partida joatea komeni dela eta partidarik garrantzitsuena beti hurrengoa dela esan ohi dute futbol jokalariek eta entrenatzaileek. Aste honetan, ordea, Osasunako jokalariek ez dute gaur Nafarroako Erresuman Zaragozaren aurka jokatu beharreko partidaz soilik hitz egin. Asteazkenean berriz etxean jokatuko dute gorritxoek Malagaren aurka, eta bi partidak irabaztearen garrantzia azpimarratu dute aste honetan Jose Antonio Camachoren mutilek. Lehendabiziko urratsa Zaragoza bost puntura aldenduz egin nahi dute, baina denboraldiko azken hilabetean sartu aurretik salbazioa ziurtatzeko behar dituzten puntuak batzea da Osasunakoen nahia, eta asteazken gauean sailkapenean 40 puntu izatea da asmoa.
Partidak jokatu aurretik puntuak buruan batzen hastea arriskutsua izaten da, ordea, eta hurrengo bi partiden ostean zenbat puntu izango dituzten imajinatzea alferrikako lana dute gorritxoek une honetan, dena dela. Baikorregia ere bada, gainera, etxean jokatzeagatik hurrengo bi partidak irabazi egingo dituztela pentsatzea, sasoi honetan Nafarroako Erresuman jokatutako hamalau partidetatik bost irabazi, bost berdindu eta lau galdu baitituzte. Hargatik, Osasunako jokalariak ausart eta anbizio handiarekin azaldu dira aste honetan mintzatu direnean. Patxi Puñal kapitainak hasi zuen joera, asteazkenean: «Sailkapenean gero eta gertuago ditugun bi talderen aurka jokatuko dugu orain etxean, eta gure ligako bi taldeon aurka aukera ona daukagu, bi partida hauek irabaztea lortuz gero bidearen zati handi bat eginda edukiko baitugu».
Zaragozaren aurkako partida da garrantzitsuena une honetan, baina Malagaren aurkakoa ezin izan dute ahaztu Camachoren mutilek. «Beste taldeen emaitzak ahaztu eta geure partidak irabazten saiatu behar dugu, estutasunak saihesteko. Hurrengo bi partidak etxean jokatuko ditugu eta Nafarroako Erresuman ezin dugu gehiago huts egin. Zaragoza eta Malaga mendean hartuz gero, beste urtebetez Lehen Mailan jarraituko dugula esan ahal izango dugu, eta hori zen denboraldiko gure helburu nagusia», esan zuen ostegunean Camuñasek. Eta ostiralean Juanfran ere antzera mintzatu zen entrenamendu osteko prentsaurrekoan: «Gogotsu eta baikor gaude Zaragozaren aurkako partidaren atarian. Nire taldekideek aste honetan gogoratu duten bezala, Nafarroako Erresumako hurrengo bi partidak irabaziz gero ia-ia salbatuta egongo gara, eta asmo horrekin zelairatuko gara Zaragozaren aurka»..
Baikor eta gogotsu izatea gauza ona da, baina Osasunako jokalariek aste honetan egindako adierazpenetan, lehendabiziko partida irabazi aurretik bi partida jarraian irabazteko itxaropena sumatzen da, eta gorritxoek ezin dute ahaztu nondik datozen: azken bederatzi partidetatik bakarra irabazi du Osasunak, orain bi aste Almeriaren aurka 1-0 irabazitako norgehiagoka besterik ez. Askotan egin izan dute kale gorritxoek presio handirik gabe jokatu dutenean -jaisteko postuak bederatzi puntura dituztelarik hasi dute jardunaldi hau-, eta gaur ere huts berak egitea barkaezina litzateke. Konfiantza izatea ona da, baina gehiegizkoa izatea ez.
Zaragoza, eraberrituta
Lehen itzulian La Romaredan Zaragoza 0-1 menderatu zutela jakiteak ere lagunduko zien Osasunako jokalariei baikor izaten, baina bigarren itzuliko Zaragozak zerikusi gutxi dauka lehen itzulian Osasunaren aurka jokatu zuenarekin. Azken jardunaldian Zaragozak Malagaren aurka jokatutako partidan, esaterako, lehen itzulian Osasunaren aurka aritu ziren gizonetatik hiru besterik ez ziren izan zelaian: Ponzio, Gabi eta Ander Herrera. Lopez Vallejo, Ayala eta Ewerthon jokalariak, adibidez, Zaragozako taldean ere ez daude dagoeneko. Izan ere, neguko merkatuan zazpi jokalari fitxatu zituen Zaragozak: Roberto (Atletico Madrileko atezaina), Contini (Napoliko atzelaria), Jarosik (Kyrilako atzelaria), Edmilson (Palmeiraseko erdilaria), Eliseu (Lazioko erdilaria), Suazo (Monterreyko aurrelaria) eta Adrian Colunga (Recreativoko aurrelaria).
Entrenatzaile lanetan Marcelinoren ordez Aurelio Gay ari dela aintzat hartuz gero, lehen itzulikoa eta egungoa bi talde ezberdin direla ere esan daiteke. Bigarren itzulian puntu gehien batu duten taldeetako bat da Zaragoza; Osasunak, berriz, bigarren itzulian lehen itzulian baino batez besteko dezentez eskasagoa dauka. Etxetik kanpo Zaragozak bi partida besterik ez du irabazi, baina ez da partida erraza izango Osasunarentzat, eta bihar arte Malagaren aurkako partida ahaztea hobe dute Camachoren mutilek. Topikoak topiko, hurrengo partida baita garrantzitsuena futbolean, eta hurrengoa gaur arratsaldekoa da. Pausoz pauso joan behar du Osasunak salbazioaren bila. Camachok berak ere gogoratu zuen atzo: «Pausoz pauso joan behar dugu. Zaragozari irabaziz gero denboraldia eginda izango dugula esaten dute, baina irabazi egin behar da lehendabizi».
Salbatzeko irrikan
Azken bederatzi partidetatik bakarra irabazi du Osasunak; gaur Zaragoza mendean hartzea nahitaezkoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu