Miarritze 22. Racing 13

Salbazioa eskura dago

Miarritzek oso garaipen garrantzitsua lortu du Racingen aurka, eta hiru puntu soilik behar ditu Top14ari eusteko

Takudza Ngwenya, baloiarekin, lurrean, uztartze batean, atzo, Racingen aurkako partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Miarritze. Watremez, Hegi (August, 73. min.), Kodela (Marconnet, 52. min.); Thion, Taele; Guyot, Hariñordoki (Lakafia, 64. min.), Gray; Yachvili, Peyrelongue (Bosch, 60. min.); Bolakoro (Gimenez, 60. min.), Traille, Haylett-Petty, Ngwenya; eta Balshaw.

Racing. Ben Arous (Lo Cicero, 65. min.), Noirot (Bianchin, 64. min.), Sa (Orlandi, 65. min.); Dellape (Qovu, 44. min.), Van Der Merwe; Leo´o (Galindo, 60. min.), Cronje, Battut; Descons (Durand, 65. min.), Hernandez; Imhoff, Estebanez, Chavancy, Bergamasco; eta Steyn.

Markagailua. 3-0; 3-3; 6-3; 9-3 (atsedenaldian)12-3; 12-6; 12-13; 15-13; 22-13.

Epailea. Cedric Marchat.

Miarritzek ederki bereganatu du joan zen astean Baionaren aurkako derbian galdu izanak eragindako kolpea. Usaian, lapurtarren arteko partidatik galtzaile ateratzen dena bolada txar batean sartzen da. Miarritzek, atzo Racingi irabaziz, arrisku hori saihestea lortu zuen, eta hurrengo sasoian Top14an jarraitzeko urrats handia egin zuen.

Lau partida jarraian irabazi ondotik, Miarritzek arnasa hartu zuen sailkapenean, eta gauzak lasaiago ikusten hasi zen bere geroari buruz. Joan zen larunbatean, baina, Baionak ezerezean utzi zuen bolada on hori, eta Bigarren Mailaren mamua berriz ere hurbildu zitzaion Miarritzeri.

Agileran Racing hartu baino lehen, irabazi beharraren presioa zuen Miarritzek. Denek zekiten ordurako Baionak Lyoni irabazi ziola, Miarritzetik puntu batera ezarriz, eta Bordelek aitzina hartu ziola Ageni irabaziz (29-15). Sasoi bukaera honetan gauzak bere bidetik ez ateratzeko, irabazi beharra zuen Miarritzek.

Eta horrela egin zuen. Parean, Stade Françaisek Perpinya irabazi ondoren emaitza on bat behar zuen Racing zeukan. Top14an jarraitzeko kezka, batetik; Heineken kopan jokatzeko anbizioa, bestetik. Txispak zelaian. Eta euria zeruan. Bi taldeek jokoan zutena, eguraldi euritsua, eta berdegune astuna eta bustia. Elementu guztiak hor ziren partida gogorra eta fisikoa ikusteko.

Racingek eta Miarritzek ez zuten inor ezustean harrapatu, eta aitzinean erabaki zen partida jokatu zuten. Alde batetik, 2000ko hamarkadan, aitzineko borrokan, uztartze eta dortoketan oinarritu zituen Miarritze. Beste alde batetik, Pierre Berbizierrek aitzineko elefante jokorako eraiki zuen Racing. Gerritik behera jokatzen den errugbi fisikoa gustuko dutenen paradisua zen Agilera.

Paristarren eta miarriztarren estrategia sinplea bezain eraginkorra izan zen. Aitzinean sekulako desafioa proposatu uztartze irekietan. Fase estatikoetan baloia lapurtu, defentsan sekulako plakaketak egin, eta epaileak falta noiz joko zuen itxaron.

Joko horretan, Miarritze izan zen trebeena lehen zatian. Errugbi fisikoan, ongi kudeatua baldin bada, abantaila da etxean jokatzea. Baloia ezkutatuta egoten da, eta dudazko jokaldi anitz izaten dira. Horrelakoetan, epaileak errazago jotzen du txistu etxeko taldearen alde. Lehen zatian hori gertatu zen, eta Miarritze aitzinetik joan zen atsedenaldira: 9-3.

Bi entsegu, bigarren zatian

Bigarren zatian indarberrituta zelairatu zen Racing. Berbizierrek, zakur zaharra izaki, ikusi zuen erritmo geldoan geldituta partida galduko zuela, eta jokoa bizitu zuen. Aitzinean, Cronje, Qovu edo Leo'ok lana egin zuten. Gibelean, Hernandez, Steyn eta Imhoff zaldien gisa hasi ziren lasterka. Arriskuak saria jaso zuen, eta Chavancyren entseguak Racing aitzinetik ezarri zuen 60. minutuan: 12-13.

Miarritzek bizkarra makurtu zuen, Racingen erritmoaren aurrean sufrituz. Ez zen erori, baina. 70. minutuan, Traillek drop batekin aitzinean ezarri zuen: 15-13. Partida bukaeran, Ngwenyaren entseguak garaipena etxekoei eman zien: 22-13.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.