Salbazioa etxean lortu behar da

Nafarroako Erresumako azken hiru partidak irabazi ditu Osasunak, eta Almeria ere mendean hartu nahi du

2008ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Erresumako azken hiru partidak irabazi ditu Osasunak, eta Almeria ere mendean hartu nahi du
ASIER LEGARDA-EREÑO

Iruñea

Denboraldia amaitu bitartean hamabi talderen aurka jokatu beharko du Osasunak, eta hamahiru eta hamalau puntu bitartean batzea da gorritxoen gutxieneko helburua. Teorian 43 edo 44 punturekin ez dira Bigarren Mailara jaitsiko. Baina nafarrak ezin dira lasaitu.30 puntu soilik dituzte une honetan, eta lehen itzuliko azken hamabi jardunaldietan hamaika puntu besterik ez zuten batu, maiatzaren 17a bitartean hurrenez hurren aurkari izango dituzten hamabi aurkarien kontrako partidetan. Almeriaren aurka 2-0 galdu zuten, esaterako. Etxean eta etxetik at oso ezberdin ari da Osasuna sasoi honetan, dena dela. Nafarroako Erresuman azken hiru partidak irabazi egin dituzte Athletic, Zaragoza eta Atletico Madrilen aurka. Unai Emeryren taldearekin ere gauza bera egin nahi dute orain.

Bartzelona, Atletico Madril, Valentzia, Sevilla eta Vila-real igaro dira sasoi honetan Nafarroako Erresumatik, eta talde handietako inork ez du mendean hartu Osasuna. Aldiz, Valladolid, Getafe, Espanyol eta Racingen aurka estu eta larri ibili da. Valladoliden aurka 0-2 galtzen hasi arren, berdintzea lortu zuten nafarrek, beste hiru partidak galdu egin zituzten, ordea. Eta Almeria horien antzeko taldea da. Talde handien aurka giro berezia izaten da Nafarroako Erresuman, baina gaur arratsaldekoa bezalako partidetan zaleei ere kosta egiten zaie partidan sartzea. Azken hiru partidetan zale ugari bildu da -Athleticen aurkako derbian denboraldiko sarrerarik onena, Zaragozaren aurkako ere ia-ia derbia da Iruñean, eta Atletico Madrili Real Madrili adinako gogoa diete nafarrek-, baina gaur arratsaldean zaleek nola erantzuten duten ikusi egin beharko da. Azken hiru lehietako giroa izanez gero, Emeryren taldea esku-hutsik itzuliko da Almeriara. Gainontzean, argi ibili beharko dute gorritxoek. «Azken partidetako giroa errepikatzea eta intentsitate berarekin jokatzea espero dut Almeriaren aurka ere, gauza asko baitugu jokoan», esan zuen Jose Angel Zigandak astelehenean bertan. Vila-realen zelaian lortu berri zuten puntuak benetako balioa izan zezan etxean Almeriari irabaztea ezinbestekoa izango dela bazekien ordurako Larraintzarkoak.

Atzo ere antzeko hitzak erabili zituen Zigandak, asteko azken lan saioa amaitu ostean hedabideen aurrean agertu zenean: «Zaleek badakite euren beharra dugula, eta guk ere badakigu zaleei zer eman behar diegun. Hil edo biziko lehiak jokatzen ari gara azken boladan, eta badakigu zaleak hor izango ditugula beti gure aldamenean. Ezin dugu iparra galdu, eta partida irabaztera zelairatu behar dugu. Dena dela, Almeriaren aurkako partidak ez du zerikusirik izango Zaragozaren aurkakoarekin edo Atletico Madrilen aurkako lehiarekin. Askoz partida itxiagoa espero dut, eta pazientzia handia izan beharko dugu erasoan».

Hasierako hamaikakoari dagokionez, Zigandak aldaketa bakarra egingo du. Txartel pilaketaren ondorioz Cesar Azpilikueta zigortuta dagoenez, Javier Flañok hartuko du haren tokia defentsaren eskuin alboan. Gainontzean, Atletico Madrilen aurkako garaipenean, eta Vila-realen zelaian hasieratik jarri hamaikako bera izango du gaur ere Osasunak.



Emery Almeriako entrenatzaileak dio Osasuna euren «aurkari zuzena» dela

Igo berria izateko, Almeria oso denboraldi txukuna egiten ari da, eta orain hilabete Real Madril liderra ezustean harrapatu zutenean UEFArekin amesten ere hasi ziren Unai Emeryren mutilak: Sevillarekin berdinduta ziren 32 punturekin sailkapeneko zazpigarren postuan, Valentziak baino bi puntu gehiagorekin, eta UEFAko postuetan zen Racingek baino bi puntu gutxiagorekin. UEFA hitza aipatzearekin bat zalantzak agertu dira berriz, ordea. Azken bi partidetan puntu bakarra lortu dute andaluziarrek, eta atzetik datozenei begira hasi da berriz Emery. Entrenatzaile hondarribiarrarentzat Osasuna eta Almeria «aurkari zuzenak dira». Horrexegatik azpimarratu du Nafarroako Erresumako partidaren garrantzia: «Osasuna aurkari zuzena dugu, eta horregatik, berebiziko garrantzia dute jokoan izango ditugun puntuek, guk irabaziz gero hamar puntura utziko ditugun bezala galduz gero lau puntura gerturatuko baitzaigu Osasuna», esan zuen Emeryk Iruñerako bidea hartu aurretik Almerian egin adierazpenetan.

Eta Osasuna azken boladan sendo ari dela badaki, gainera, entrenatzaile gipuzkoarrak: «Presio handia egiten dute, jende azkarra dute hegaletan, eta oso joko zuzena dauka Osasunak. Gainera, zaleek egundoko babesa ematen diete euren jokalariei, eta aurkariak gogorpresionatzen ere badakite. Osasuna sendo dago, joko oneko bolada batean daude, nahiz eta emaitzak lagun izan ez dituen zenbaitetan, Nou Campen edo Sanchez Pizjuanen galtzerik ez baizuten merezi», adierazi zuen Almeriako entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.