Alaves 0-1 Osasuna

Salbazioa gertuago du Osasunak

Jagoba Arrasateren taldeak bere aukera baliatu du, eta ia ziurtatua du Lehen Mailan segitzea; Alavesek, berriz, estutzen segitu beharko du.

enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 24a
22:36
Entzun

Bi talde berdinduta daudenean puntu eta sentipen aldetik, aukera asko dago haien arteko talka ere oso parekatua izateko. Halaxe gertatu da Alavesek eta Osasunak Mendizorrotzan jokatu zuten derbian. Elkar neurtzen eman dituzte minutu gehienak, oreka galdu eta lurrera joateko beldurrez. Halakoetan, asko izaten du irabazia lehen kolpea ematen duenak, eta lege hori ere bete da: Osasunak aurrea hartu du bigarren zatiaren erdialdean, eta hala, urrea atera ezerezetik. Izan ere, ia ziurtaturik du salbazioa 0-1ekoarekin.  Alavesek, ordea, zalantzak hauspotu ditu.

Hamaikakoak irauli egin dituzte Jagoba Arrasatek eta Asier Garitanok, garaipenaren bidera itzultzeko asmoz: zortzi aldaketa egin ditu batak, eta zazpi besteak. Itxuraldaketak, ordea, ez du arabarren eta nafarren jokoa berpiztu. Zurrun ekin diote lehiari, gehiegizko beldurrez. Bero sapak ere zaildu egin du partidak erritmoa hartzea. Hala, lehen zatia elkar neurtzen eman dute bi taldeek. Lakar eta astun jokatu dute, eta inor ez da nagusitu.

Alaves apur bat erosoago egon da, eta zenbait barneraldi egin ditu ezker hegaletik. Horietako batean iritsi da lehen zati osoko gol aukera bakarra, atsedenerako bost minutu falta zirela. Joseluk aise hartu dio aurrea Latori area barruan, baina aurrelariaren burukada gora joan da. Osasunaren kasuan, hutsala izan da erasoko jokoa. Soilik Ruben Garcia saiatu da zuhaitza apur bat astintzen, ezker hegaletik abiatuta. Herren izan dira gorritxoak, eskuin hegala ez baitute batere baliatu. Erabat zokoratuta egon da Roberto Torres.
Atsedenetik bueltan, etxekoak aurretik jartzear izan dira. Lucas Aridane eta David Garciaren artean sartu da, atzelarien lasaikeria lagun, baina ez dute atera jaurtitzen asmatu. Hortik aurrera, gorritxoenak izan dira aukerarik onenak. Lehena Aridanek izan du, Torresek ezkerrez egindako erdiraketa zehatza gutxigatik gora errematatu ostean. Hurrengoan, berriz, ez dute barkatu gorritxoek. Gallegok baloi luze bat jaso du arean, Elyri bizkarra irabazita, eta ondo bukatu du jokaldia Latok. Pachecok ezin izan du ezertxo ere egin hegalekoaren jaurtiketa gurutzatua gelditzeko.

Bata hazi, besteak etsi

Golak on egin dio Osasunari, eta, aldaketen laguntzaz, arazorik gabe kudeatu du lehiaren azken txanpa. Asko eskertu du Torresek baloiarekin emandako patxada, baita aulkitik ateratako Estupiñanek egindako korrikaldi biziak ere. Alaves, aldiz, hondoratu egin da gola jaso ostean, eta ez da gehiago agertu gorritxoen arean. Lau aldaketa egin zituen Asier Garitanok, baina alferrik izan da. Azken uneko oldarraldirik ere ez zuen egin Alavesek. Ez du izan Realari sendo gailendu zitzaion taldearen antzik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.