Salbuespena lege bihurtu da

Enpresen Ligak abenduaren 11ra arte atzeratu du lau t'erdiko finala, arautegiak 4tik aurrera ezin dela jokatu argi utzi arrenOlaizola II.ak eta haren medikuak uste dute beste astebeterekin aski izan daitekeela

Aimar Olaizola, besoak altxatuta, Abel Barriolari finalerdietako ligaxkako partida irabazi izana ospatzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Enpresen Ligak bere txapelketetako bateko arautegia urratu du berriz. Lau t'erdiko txapelketako finala beste astebetez atzeratu eta abenduaren 11n jokatuko da.Aimar Olaizolak atzerapena eskatu zuen atzo, eta EPELeko epaile bakarrak onartu egin zuen, arautegian abenduaren 4tik aurrera ezingo zela jokatu argi jarri arren. Arautegia zorrotz aplikatuz gero, Abel Barriolak jokatu beharko luke Olaizola II.aren ordez. Goizuetakoaren eta haren medikuaren iritziko, aste bat nahikoa izan daiteke esker eskuko hatz luzean hobekuntza nabarmena sumatzeko. Irujok haserre hartu zuen erabakia; ez, baina, finala atzeratuko zutelako, erabakia oso berandu hartu delako baizik. Dena den, enpresek 18an ere Bilboko pilotalekua erabil daitekeen galdetu dute, badaezpada.

Salbuespena lege bilakatu da pilota profesionalean. Buruz buruko azken finalean Xalarekin gertaturiko kasua erabat ezohikoa izango zela zirudien, baina bost hilabete geroago mahai gainean jarritako argudio bilakatu da. Hala azaldu zuen atzo Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak. «Xalaren arazoa izan genuenean arautegiaren interpretazio desberdinak egon ziren. Pentsatzen dugu orain kasu hartan egondako aurrekarian oinarrituta hartu dela erabakia, zalearen kirol interesa bermatzeko». Gogoratzekoa da aurtengo binakako txapelketako finalean Abel Barriolak ere astebeteko atzerapena eskatu zuela, eta kasu horretan epaileak ez zuen onartu.

Herenegun gauean bildu ziren enpresak atzerapenaren aukera aztertzeko. Aimar Olaizolak esana zuen erabakia hartzeko unea iristen zenean «ikusiko zuela» zer egin, eta herenegungo lan saioan gustura gelditu ez zenez, enpresako buruekin bildu zen. Asegarceko medikua ere han zen. Bilboko enpresak, baina, arazo bat zuen atzerapena eskatzeko: bost t'erdiko Bizkaia torneoa, 8an eta 10ean Bilbon jokatzekoa zena. Enpresak Maitane Leizaola Bizkaiko AldundikoGazteria eta Kirol diputatuarekin bildu ziren goizean, eta aldundiak onespena eman zion torneoa urtarrilera atzeratzeari. Harrigarria badirudi ere, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi zuen lehenbizi finala atzeratuko zela, EPELeko epaileak erabakia ziurtatu baino lehenago.

Asegarceren arabera, astebete atzeratzea nahikoa izan daiteke. Salbideak argitu zuenez, medikuak hala jakinarazi dio. «Mediku eta pilotariarenkonpromisoa dugu, astebete nahikoa dela. Zorte txarra izan da. Pitzadura zela uste genuen hasieran, baina gero ikusi zen hatza hautsita zegoela. Hori bai, ez da inolako erabaki makiabelikorik egon pasatu dena azken unean gerta zedin. Prozesu guztia herenegungo probaren emaitzen ondoren hasi zen».

Irujo da kaltetu nagusia, are gehiago ez zuela espero jakinda. «Zurrumurru ugariek susmoa sortu zidaten, baina, egia esan, inondik ere ez nuen espero berriz atzeratuko zutenik». Iberokoak prestaketa berriz ere aldatu du. Atzotik hasita, gainera, goizeko saio fisikoa esaterako desberdina izan zelako. Era berean, euskararen aldeko Donostiako biharko jaialdian parte hartuko du. Finalista haserre zen EPELekin. «Enpresen ligak azkenaldian ez du behin ere asmatu eta zer hausnartua badu. Ni ez nau atzerapenak amorratzen. Hasieratik esan nuen bost axola zitzaidala 4an, 11n, 18an edo 25ean jokatzea. Gauzak azken unean eta korrika eta presaka egin izanak amorratzen nau. Olaizolak erradiografia egin zuenean finala hamabost egunez atzeratuko zutela esan balute, desberdina zatekeen. Mundu guztia zorabiatu dute, ni eta ikusleak. Seriotasun eta aurreikuspen ahalmen handiagoa izan behar da».

Eragina binakakoan

Finalaren atzerapenaren eragina lau t'erdiko txapelketaz harago doa. Binakakoa heldu den astean aurkeztu beharko lukete, abenduaren 7an, eta hari ere eragingo dio. Finalaren atzerapenak bost t'erdiko binakako Bizkaia torneoa urtarrilaren5 eta 7ra eramango du. Torneoa ezin dute bertan behera utzi, Bizkaiko Aldundiaren babes ekonomikoa duelako.

Bizkaia torneoa egunez aldatzearen domino efektuak kalte egingo dio binakakoari. Hala, lehen ligaxkako laugarren jardunaldiko partidak beste egunen batean jokatu beharko dira, segur asko ligaxkaren bukaeran. Binakako txapelketa abenduaren 18ko asteburuan hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.