Lourdes Oiarbide

Saltoa eman du

Gaur lehiatuko da Lourdes Oiarbide Munduko Txapelketan, Bergenen, erlojupeko proban. Larunbatean, berriz, errepidekoan ariko da. Inoizko sasoirik onena egiten ari da, zortzi garaipen eskuratuta. Lana biribildu nahi du orain.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Aurreko sasoia amaitzean, Lourdes Oiarbidek (Egino, Araba, 1994) argi esan zien Bizkaia Durangoko prestatzaileei: Ingeniaritza ikasketak amaituta, denbora osoa txirrindularitzari eskaini nahi zion. «Eskatu nien taldeak korrituko zituen lasterketa garrantzitsuenetan parte hartzea. Nire benetako maila ikusi nahi nuen». Taldeak baiezkoa eman zion, eta Oiarbideri ondo atera zaio apustua. Bere ibilbideko sasoirik oparoena osatzen ari da. Zortzi garaipen lortu ditu. Espainiako Txapelketan urrezko domina lortu zuen erlojupekoan, eta Espainiako Kopako bi proba eta Euskalduna torneoko lau irabazi ditu; Burgosko Itzuliko erlojupekoan ere gailendu zen.

Garaipenetatik harago, proba garrantzitsuetan maila ona emateko gai dela erakutsi dio bere buruari, eta gora egin duela. Gaurtik aurrera sasoia biribildu nahi du, Bergenen, Norvegian, Munduko Txapelketan. Erlojupekoan eta errepidekoan lehiatuko da. Gozatzera eta lan egitera doa.

Erlojupekoa gaur da, 15:35ean. Aukera gehien proba horretan duela nabarmendu du. 21,1 kilometro ditu erlojupekoak, eta bere ezaugarrietara ondo egokitzen dela uste du. «Ibilbidea gorabeheratsua da, eta erdialdean ia bi kilometroko igoera gogorra dauka. Ondo moldatzen naiz erritmo aldaketetara, eta teknikoki aproposa da niretzat. Erabat laua balitz, gogorragoa izango litzateke».

2014an ere parte hartu zuen Munduko Txapelketako erlojupekoan. 34. sailkatu zen. «Uste dut postu hori hobetu dezakedala. Orduan oso gaztea nintzen, eta orain eskarmentu gehiago daukat. Sasoi honetan, gainera, koska bat egin dut gora». Lehen hogeien artean sailkatzea «emaitza ona» litzatekeela aitortu du. Irabazteko hautagaien artean, Herbehereetako bi aipatu ditu: Ellen Van Dijk eta Annemiek Van Vleuten. «Oso onak dira biak».

Errepidekoan «disfrutatzera eta lanera» doa. «Sheyla Gutierrez taldeburuari laguntzea izango da nire egitekoa. Proba ez bukatuta ere, agintzen didaten lana egiten badut, ni pozik nengoke».

Dena den, argi du ez dutela lan samurra aurretik. Probak 152 kilometro ditu. «Zortzi itzuli eman beharko dizkiogu zirkuitu bati.Igoera gogor bat dago tartean. Ibilbideak harbide zatiak dauzka, eta, eguraldi txarra eginez gero, arriskutsua izan daiteke. Adi ibili beharko dugu, eta saiatu beharkodugu aurrealdean ibiltzen, erorikoren bat badago ez harrapatzeko». Ahal badu, ihesaldiren batean sartzen saiatuko da: «Zaila izango da, baina edukiz gero nire aukerak baliatuko ditut».

Gozatzen ari da

Baikor da, uste baitu sasoi honetan nabarmen egin duela hobera. Txirrindularitzari arreta osoa eskaintzeak lagundu egin dio horretan. «Entrenatzeko eta atseden hartzeko denbora gehiago izan dut». Aurreko sasoietan, ikasketak zirela eta, apenas egin zitzakeen entrenamendu saio bikoitzak. «Ahal nuenean entrenatzen nintzen. Biak uztartzea oso zaila eta nekagarria egiten zitzaidan». Azken urtean, berriz, maiz egin ditu saio bikoitzak. «Hiru astean, adibidez, 35 entrenamendu egitera iritsi naiz. Entrenamenduak, gainera, lehen baino luzeagoak eta intentsitate handiagokoak izan dira». Fisikoki ere lan asko egin du. «Orain arte, denboraldi-aurrean baino ez nuen gimnasioko lana egiten. Sasoi honetan, ordea, bizikleta eta gimnasioa uztartu ditut. Indarrezko entrenamenduak ere egin ditut bizikleta gainean, eta mendira joan naiz».

Atseden hartzeak asko lagundu dio. «Zure hankek entrenatutakoa barneratzeko ezinbestekoa da atsedena. Entrenatzea bezain garrantzitsua da. Lehen, ez nuen horretarako denborarik».

Eguneroko prestakuntza gogorra izan arren, «asko» ari da gozatzen. «Apustua ondo atera zait, eta sasoia gehiago luzatu nahiko nuke. Egongo da denbora beste ikasketaren bat egiteko edo lanean hasteko. Orain, txirrindularitza da gehien asebetetzen nauena».

Aitortu du, dena den, ez zuela espero hain emaitza onak lortzea. «Aurreko denboraldia oso berandu amaitu nuen, eta apenas atseden hartu gabe hasi nintzen berriro entrenatzen. Baina egindako lanak fruituak eman ditu».

Oiarbidek «hobetzen eta ikasten» jarraitu nahi du. Oraindik, dena den, ez daki Bizkaia-Durangon jarraituko duen. Pare bat eskaintza ditu. «Aztertu egin behar ditut, baina sasoia amaitzean».

Maila on bat lortu duten txirrindulari gehienak atzerrira joan direla aitortu du. «Talde horietan aukera gehiago dituzu World Tour mailan lehiatzeko, eta, horietan parte hartuz gero, zure maila hobetuz joaten zara».

Euskal Herrian sumatzen du goi mailako proba gehiagoren falta. «Egongo balira, ziurrenik, ez genuke kanpora lehiatzera joan beharko. Gainera, atzerritik goi mailako txirrindulari gehiago etorriko lirateke, eta horrek lagundu egingo liguke gure maila hobetzen». Hori dela eta, garrantzitsua iruditu zaio Emakumeen Birak berriro World Tour izendapena jaso izana. «Izugarrizko lana egin dute horretarako, eta emakumeen txirrindularitzarentzat bultzada handi bat da».

Ane Santesteban, Lierni Lekuona eta Eider Merinorekin batera, euskal txirrindularitzaren etorkizuna da Oiarbide. Joane Somarriba eta Leire Olaberriaren lekukoa hartzeko ardura izango dute. «Gazteak gara, baina gogo handia dugu ikasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.