Esprinterrik ez, eta esprinta ia egunero. Egoera berezi hori daukate Kataluniako Voltan. Alessandro Petacchi (Lampre) zen puntako esprinter bakarra, baina herenegun erretiratu egin zen, osasun arazoak tarteko. Manuel Cardosok (RadioShack) altxatu zituen bi besoak herenegun, eta Samuel Dumoulinek (Cofidis) atzo. Jose Joaquin Rojas (Movistar) geratu da bi kasuetan bere onetik aterata. Izan ere, une honetan, itxura batean, bera da Voltako esprinterrik onena. Hirugarren helmugaratu zen herenegun, eta bigarren atzo, bi euskaldunen aurretik. Hirugarren sailkatu zen atzoko esprintean Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi) —tarteko helmugetako lider dago—, eta laugarren Aitor Galdos (Caja Rural).
Itzuliko etaparik luzeena zen atzokoa (205,8 km), baina txirrindulariek ero-ero ekin zioten etapari. Erasoari erasoa lotuta, 49,5 kilometro egin zituzten lehen ordubetean, eta Miguel Minguez (Euskaltel-Euskadi), Craig Lewis (Highroad) eta Dario Cataldoren (Quick Step) ihesaldi ahalegina ezerezean utzita, kostatu egin zitzaien eguneko ihesaldia osatzea. Francesco Masciarelli (Astana), Christopher Froome (Sky), Jelle Vanendert (Omega Pharma-Lotto) eta Remy Cusin (Cofidis) sartu ziren ihesaldi horretan, eta 5.20 minuturen aldea ere lortu zuten.
Tropela lanerako zegoen, ordea, eta Movistar eta Saxo Bank buruan jarrita, helmugara iristeko bost kilometro eskas falta zirela harrapatu zituzten laurak. Jan Bakelants (Omega Pharma-Lotto) saiatu zen azken unean tropeleko oreka hausten, baina esprintaren bermea zeukan atzoko etapak.
Sailkapen nagusian, beraz, ez zen aldaketarik izan, eta Alberto Contadorrek (Saxo Bank) jarraitzen du lider. 23 segundora dauzka Levi Leipheimer (RadioShack) eta Michele Scarponi (Lampre), eta Haimar Zubeldia da lehen euskalduna, 15. postuan, 1.12 minutura. Seigarren etapa jokatuko da gaur, Tarragona eta Mollet del Valles artean. 180 kilometroko ibilbidean hirugarren mailako bi mendate eta lehen mailako beste bat igo beharko dituzte.
Proba asko asteburuan
Coppi&Bartali Asteko laugarren etapan Adriano Malori (Lampre) nagusitu zen atzo, eta Emanuele Sellak (Androni) jarraitzen du lider. 30 segundora dauka Diego Ulissi (Lampre). Patxi Vila (Flaminia) da lehen euskalduna, 18. postuan, 2.02 minutura. Prijs Vlaanderen klasikoa jokatuko da gaur, Nazioarteko Kriteriuma gaur eta bihar, eta Gent-Wevelgem bihar.
Samuel Dumoulinek irabazi du Voltako bosgarren etapa
Ruben Perez (Euskaltel) hirugarren postuan sailkatu da esprintean, eta Aitor Galdos (Caja Rural) laugarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu