Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) eta Joaquim Rodriguez Purito (Katuxa) dira hautagai nagusiak Burgosko Itzulia irabazteko —gaur hasiko da, eta igandean amaitu—. Txirrindulari askok Espainiako Itzulia prestatzeko baliatuko dituzte Burgosko errepideak, eta, beraz, maila handiko parte hartzaileak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, Denis Mentxov (Geox), Juan Jose Cobo (Geox), Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Beñat Intxausti (Movistar), Pablo Lastras (Movistar)... Bi faborito nagusiek, berriz, indartsu amaitu dute Frantziako Tourra, eta fisikoki ondo daudela baliatuta lan ona egin nahi dute. Gainera, Donostiako Klasikoan biek ala biek erakutsi zuten sasoiko daudela.
Guztira 646,6 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek, bost egunetan. Lau etapa mendatean amaituko dira, horietako bat Burgosko Gazteluan, eta beste etapa taldekako erlojupekoa izango da, 11,6 kilometrokoa. Guztietan gogorrena bigarren eguneko etapa da, gazteluan amaituko dena, hain zuzen ere. Gaurko etapa, berriz, Villarcayo eta Miranda de Ebro artean jokatuko da; 168 kilometrokoa da, eta oso gogorra ez bada ere, bukaeran erabakigarria gerta daitekeen malda dauka. Gaurtik hasita alde politak lortu ahal izango dira sailkapen nagusian.
Poloniako Itzulian, berriz, oso indartsu jarraitzen du Marcel Kittelek (Skil-Shimano), atzo hirugarren egunez jarraian etapa irabazi baitzuen. Berriz ere esprintean iritsi zen tropela azken metroetara, eta alemaniarrak ez zuen aurkaririk izan. Omega Pharma Lotto aritu zen pelotoiari tiraka, baina amaieran ez zuen saririk jaso. Bigarren Vacansoleil taldeko Romain Feillu helmugaratu zen, eta hirugarren Saxo Bankeko Jonas Jorgensen.
Kittelek ia ezinezkoa izango du gaur laugarrenez podiumaren gorenera igotzea. Izan ere, mendiko lehen etapa izango dute gaur, Oswiecin eta Cieszyn artean egingo dutena, 177 kilometrokoa. Alemaniarraren helburua lidergoari eustea izango da.
Samuel Sanchez eta Joaquim Rodriguez dira faboritoak Burgosko Itzulian
Marcel Kettel hiru etapatik hirutan gailendu da Polonian, eta sendo eusten dio lehenengo postuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu