EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Samuel Sanchez, ohi duen moduan

Oriora bidean, Txankako igoerako azken metroetan jo du erasoa BMCko txirrindulariak, eta jaitsieran eman du errematea. Wilco Kelderman (Jumbo) jarri da lider, lau segundora dago Sergio Luis Henao (Sky) eta 7ra Mikel Landa (Sky).

unai zubeldia
2016ko apirilaren 7a
19:35
Entzun

Garrastatxun gora eman zuen lehen abisua, eta Aiatik Oriora bidean kolpea. Samuel Sanchezek (BMC) garaipen zoragarria lortu du Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapan, Orion. Aia hiru aldiz igo ondoren, Txankako azken igoera eta jaitsiera azkarra zeuzkan gordeta etapa amaierak, eta Samuel Sanchezek ohi duen mugimendua egin du azken unean. Zorua bustita zegoela, Txankako azken metroetan mugitu da BMCko espainiarra, eta metro gutxi batzuen aldearekin iritsi da helmugara, Rui Costari (Lampre) Warren Barguili (Giant) aurrea hartuta. Mikel Landak (Sky) asko sufritu du Aiako azken igoeran, eta, zortzi segundo galduta, liderraren maillotik gabe gelditu da. Wilco Kelderman (Jumbo) jarri da lider. Lau segundora dauka Sergio Luis Henao (Sky) eta zazpira Landa bera.

Azken berotuaren aurretik, ederki kosta ondoren Luis Angel Mate (Cofidis), Christophe Riblon (Ag2r), Angel Vicioso (Katuxa), Carlos Verona (Etixx), Simone Petilli (Lampre) eta Tim Wellems (Lotto) ibili dira ihesean, baina Skyk kontrolpean izan du lasterketa. Verona aurretik zela, Aiako azken igoeran Henaok jo du erasoa tropel nagusian, eta hirukotea sortu du Contador eta Quintanarekin. Baina ez arriskatzea erabaki dute, eta bat egin dute faborito guztiek. Txankak eman du azken epaia, Samuel Sanchezen aldekoa. Orion hasi eta Arrate gainean amaituko da biharko etapa, bosgarrena (159 km).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.