Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak erorikoa izan du gaur Dauphineko 1. etapako 47. kilometroan, eta hasiera batean saihets bat hautsita izan zezakeela zabaldu da, baina etapa ostean mediku azterketa egin diote osasun zentro batean eta ez du hausturarik. Saihetsaldean eta bizkarrean kolpe handia dauka. Bihar lehian jarraitzen saiatuko da.
Gaur erorikoa izan eta berehala hasi da denbora azkar galtzen, eta azkena sartu da helmugan, 23.54ra. Azkeneko 140 kilometroetan Ricardo Garcia eta Pello Bilbao taldekideak bidelagun izan ditu. Medikuek esan dutenez, "asko sufritu du".
Igor Anton Euskalteleko kidea larunbatean itzuliko da korritzera, Suitzako Itzulian. Apirilaren 22an ezkerreko lepauztaia hautsi zuen.
Etapa, Cadel Evansentzat
Cadel Evansek (BMC) irabazi du Dauphine Libereko 1. etapa, beste bi laguni esprintean aurrea hartuta. Hurrengoak lau segundora sartu dira.
Bradley Wiggins da lider berria. Evans bigarren dago, segundo batera.