Euskal Herriko Itzulia

Samuel Sanchezek irabazi du Itzulia

Euskaltel-Euskadikoak Oñatiko erlojupekoa ere lortu du gaur. Joaquim Rodriguez gaur arteko liderrari 21 segundo atera dizkio. Euskaltel-Euskadik 2003an irabazi zuen lehen aldiz Itzulia, Iban Mayorekin. Unai Zubeldia kazetariak etapa zuzenean kontatu du Berriketan.info-n.

2012ko apirilaren 7a
17:44
Entzun

Euskal Herriko Itzulia lehen aldiz irabazi du gaur Samuel Sanchez (Espainia, 1978) Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak. 2003 eta 2007an hirugarren geratu zen, 2009an bigarren. Aurten aurrena, Oñatin. Oso itzuli erregularra egin du: bi etapa irabazi ditu eta bi aldiz bigarren izan da.

Gaur lortu du bigarren etapa, 18,9 kilometroko erlojupekoan (Oñati-Oñati, 6. etapa). Sei segundo atera dizkio bigarrenari: Bauke Mollemari. Eta gaur arteko liderrari —Joaquim Rodriguezi—, 21. 

Azken etapara sailkapenean oso ondo kokatuta iritsi da Sanchez, bigarren tokian: Rodriguez liderrarekiko bederatzi segundora, eta berak 35 segundo ateratzen zizkion Chris Hornerri, 47 Tony Martíni edota hirugarren sailkatu Robert Kiserlovskiri hamazazpi.

Gaur ez du arriskuan izan maillot horia. Erdibidean —9,8. kilometroan— haiek denak baino hobeto zihoan. Kasu, Rodriguezi hamabi segundo kentzen zizkion. Aldea handitzen joan da, oro har.

Euskaltel-Euskadi taldeak bigarren Euskal Herriko Itzulia du gaurkoa. 2003an, Iban Mayorekin irabazi zuen.

Atzo, probako 5. saioan, Joaquim Rodriguezek irabazi zuen. Sanchez bigarren heldu zen, denbora berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.