Joan den asteburuan, denboraldi honetako ligako bigarren gola sartu zuen Aritz Adurizek (Donostia, 1981) Vila-realen aurka. Bihar Realari eman nahiko dio hirugarren haginkada, Mestallan. Roberto Soldadok ezingo duenez jokatu, tokia izan lezake Unai Emeryren pentsamoldean.
Mallorcak 6, Realak 1. Gipuzkoatik ia 600 kilometrora egonik, zer pasatu zitzaizun burutik?
Gauzarik ulergaitzenak ere gertatzen dira noizean behin. Ez zen izan egunero ikusten diren partida horietako bat. Lastima.
Profesionaltasunik ezaz hitz egin da Realaren inguruan.
Ez dut uste bide horretatik jo behar denik. Ziur naiz zelaian zeudenak kanporaketa gainditzeko irrikan egongo zirela, baina tarteka izaten dira egun beltzak, dena aurka daukazun horietakoak.
Errebantxa ala hondoratzea. Futbolariek bi aukera dituzte orain.
Taldea ez da hondoratuko, Realak kalitate handiko jokalariak ditu eta. Multzo polita osatu du, ona, gerora gauza ederrak egin ditzakeena. Hori bai: gazteegia da, eta horrek denbora eskatzen du.
Kopa ahaztuta, zer da lehen lauhilekoan gehien harritu zaituena Realaren jardunaz ?
Gorabeherak izan ditu. Dotore ekin zion ligari, itxura ona eman zuen, baina zuloan sartu zen gero. Nekez eskuratzen zuen emaitza onik, eta kosta egin zitzaion bere onera etortzea. Azkenaldian gorakada izan du. Irregulartasuna dago gaztetasun horren atzean; jokalari onak igo dira lehen taldera, eta jokatzen ari dira, gainera. Hori ez da erraza izaten. Mailari inolako arazorik gabe eutsiko diolakoan nago.
Eskarmenturik gabea izanik, samurregia ote da taldea?
Hori da. Kosta egiten da hasieran, ofizioa ikasi behar baita. Eskarmentua falta zaio taldeari, eta hori neurketaz neurketa soilik lortzen da; zelaian. Eskarmentua pilatzen duenean, gora egingo du.
Zer-nolako aurkaria izango dute gipuzkoarrek parean?
Garai onean gaude. Txapeldunen Ligan huts egin arren, denboraldia txukun daramagu. Ligan hirugarren izateak meritu handia dauka. Kopan final-laurdenetarako sailkatu gara, eta Europako Ligan urrutira iristeko asmotan gabiltza.
Valentziaren zaleak barneratuta dauka Bartzelona eta Real Madril harrapaezinak direla?
Ez. Kosta egiten zaie. Duela urte gutxi, orpoz orpo aritu ziren bi erraldoiekin. Haiekin lehiatzekoeskatzen da hemen. Batzuetan, goregi jartzen dute langa. Ez dira jabetzen zer-nolako desberdintasuna dagoen arlo guztietan. Talde oso indartsuak daude, Txapeldunen Liga jokatzeko eraikiak. Horien gainetik egoteak balio handia dauka guretzat. Hemen, ordea, normaltzat jotzen dute hori.
Roberto Soldado handi bat ari gara ikusten sasoi honetan. Horregatik soilik jokatzen al duzu gutxiago?
Bete-betean dago. Horrek zokoratu nau, noski, eta beste toki batean lagundu behar izan dut. Nire momentuaren zain nago, izan ditzakedan aukerak baliatu nahian. Jokatzeko aukera badut, horretan saiatuko naiz.
Elitera iritsi aurretik ongi ezagutu zenuen futbolaren ganbara. Valentzian gailurra jo duzula esan liteke?
Hotzean pentsatuta, baliteke hala izatea. Valentzian, Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera daukat, eta ez dut uste aukerarik izango dudanik talde hobe batera joateko. Ni beti saiatu izan naiz burua makurtu gabe parean jarritako koskak gainditzen eta hobetzen.
Nondik datorkizu jauzi egiteko erraztasun hori?
Umetatik izan naiz geldigaitza, zuhaitz guztietara igo behar zuten horietakoa. Koskortu ahala, gero eta gogo handiagoa sentitzen nuen saltoka ibiltzeko. Berezkoa izateaz gain, praktika kontua da. Futbolera eraman nuen gero; ingurukoak ni baino luzeagoak izan arren, goitik zetozen baloiak irabazten ahalegintzen nintzen. Horrek hobetzea ekarri zidan.
Goleatzailetzat al daukazu zeure burua?
Gazteen mailako denboraldi batean izan ezik, inoiz ez dut gol askorik sartu. Kopuru arruntagoetan mugitu izan naiz beti. Taldearen mesedetan jardutea izan dut beti buruan, nahiz eta aurrelari baten lehentasuna golak sartzea izan.
Entrenatzaile batek baino gehiagok eskatu al dizu berekoiagoa izateko?
Bai. Sarri-sarri, gainera. Atera begiratzeko eskatu izan didate beti, taldekideei hainbeste ez begiratzeko. Ez da erraza jakitea zein den aukerarik egokiena. Halere, onartzen dut taldekideei gehiegi begiratzeko joera dudala.
Zer ari zaizu kostatzen gehien?
Neurekoiagoa izango banintz, ziur gol gehiago sartuko nituzkeela, baina, agian, ez nioke behar adina mesede egingo taldeari. Oreka aurkitzean dago gakoa. Nregan gehiago pentsatu izan banu, akaso eznintzen iritsiko maila honetan jokatzera. Izaera kontrolatzen ere ikasi behar izan dut. Jenio biziagoa neukan hasieran.
Iñigo Martinezi ere gehiegizko nortasuna izatea leporatu izan diote. Txarra al da hori?
Txarra ez, garrantzitsua baizik. Futbolean aritzea ia ezinezkoa litzateke bestela. Dena den, momentuak bereizten jakin behar da, zeure burua neurtzen: noiz atera, zein unetan eta noren kontra... Ez da lan erraza.
Ba ote du futbolak zurekiko zorrik?
Momentu batzuk gustura biziko nituzke. Hala ere, ez zait egokia iruditzen horretan pentsatzea. Bere esku zegoena egin badu, norberak harro egon behar du egindakoaz. Nik lasai egiten dut lo, barruan daukadan guztia ematen ari naiz eta.
Pilotalekuan koordinazioa landutakoa al zara?
Bai, bai, ordu asko sartu dut han. Pilotaren bote eta norabide ezberdinak lagungarriak dira denborak neurtzen ikasteko. Haurra nintzela, Hendaiara joaten ginen, gurasoek etxetxo bat baitzeukaten, frontoi txiki batekin. Auskalo zenbat ordu sartu nituen han. Eskuz baino gehiago palaz aritutakoa naiz. Larruzko pilotak min egiten zidan eskuan. Biguna izan naiz oso horretarako [barrez].
Donostiarra izanik, ba al duzu Realean inoiz ez aritu izanaren arantzarik?
Lehengora bueltatuko naiz, zorraren galderara. Norberak beteta egon behar du egin duenarekin. Bere garaian, Antiguokon ibili nintzen; gero, Gasteizera jo nuen; Valladolid, Bilbo… Oso ederra izango da etxeko taldean jokatu ahal izatea, baina nik ez dut aukerarik izan. Gauza asko egiteko asmotan nabil oraindik. Indar handiarekin sumatzen dut neure burua, bizi-bizi. Ez nago amaieratik gertu.
Neguko azokan ateren bat edo beste zabaldu al zaizu?
Irteteko inolako aukerarik ez daukadanez, arreta guztia Valentziara daukat bideratuta. Hasiera-hasieratik esan zidaten pozik zeudela nire lanarekin, eta ez zutela inolako intentziorik niri buruz hitz egiteko. Neguko merkatua zabaldu denean ere lasai egoteko esan didate, ez dutela ezer aztertuko nire inguruan.
Realean bada ondo ezagutzen duzun aurrelari bat: Agirretxe. Zure moduan, Antiguokon ibilia da hura ere. Egin al du bere tokia Lehen Mailan?
Elkarrekin joan ginen behin torneo bat jokatzera, Benidormera, baina ez gara batera aritutakoak. Ni baino gazteagoa da. Oso jokalari polita iruditzen zait, betea. Denbora eta konfiantza emanez gero, aurrelari bikaina izatera irits liteke. Realari asko eman diezaioke. Oso gustuko dut.
Aritz Aduriz. Valentziako jokalaria
«Samurregia da oraindik Reala, baina gauza politak egitera irits daiteke»
Roberto Soldadoren itzalpean egotea egokitu zaio Aritz Adurizi, baina Realaren aurka hasieratik aritzeko aukera izan dezake bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu