Samurren artean samurrena

Esloveniako RK Gold Club Kozina izango du aurkari Portlandek Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan

Julen Etxeberria.
2006ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Portland San Antoniok bide samurra izango du Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako sailkatzeko. RK Gold Club Kozina Esloveniako taldea egokitu zitzaien atzo iruindarrei final-zortzirenetako zozketan. Aurkari izan zitezkeen beste taldeen maila kontuan hartuta -Frantziako Montpellier, Errusiako Txehovski Medvedi, Hungariako Pick Szeged edo Esloveniako Celje-, argi dago iruindarrek ez dutela kexatzeko arrazoirik, zorte ona izan baitute. Hori gutxi balitz bezala, kanporaketako itzuliko partida etxean jokatuko dute, heldu den abenduaren 9an edo 10ean. Joaneko partida Eslovenian jokatuko dute, astebete lehenago.

Ljubljana hiriburutik 85 kilometro hego-mendebaldera dago Kozina, Italiarekin muga eginez. Portlanden aurkariak, hala ere, Koperren jokatzen ditu partida garrantzitsuenak, bertako Sportna Drvana Bonifika pabiloian 4.000 ikusle sartzen baitira. Horrek, etxean jokatzen dutenean zaleek egiten duten presioa, egiten du arriskutsu RK Gold Club Kozina. Etxetik kanpo aritzen denean, ordea, behera egiten du nabarmen. Hala, joanekoan adi-adi jokatu eta emaitza ona lortuz gero, Portlandek patrikan izango du sailkapena.

Esloveniako talde garrantzitsuenetan hirugarrena da. Celje eta Gorenje Velenje ditu gainetik. 1965ean sortua, txapel bakarra du bere garaipen zerrendan: 2004-2005 denboraldian irabazi zuen Esloveniako Kopa. Hirugarren aldiz ari da Europako lehiaketetan. 1995-1996 sasoian jokatu zuen lehen aldiz, EHF Kopan, eta lehen kanporaketan esan zion agur txapelketari: Acqua Vigilio Merano Italiako taldeak kanporatu zuen. Iragan denboraldian bide apur bat luzeagoa egin zuen Europako Errekopan. Viking-Malt Panevezys Lituaniako taldea utzi zuen bidean lehen kanporaketan, baina bigarrengoan Danimarkako Skjernek bidea moztu zion.

Sasoi honetan helburua bete du jada, final-zortzirenetarako sailkatuta. Bigarren izan zen G multzoan, Bartzelonaren atzetik. Sei partida jokatu zituen, hiru irabazi zituen (Suediako Hammarbyren aurka etxean eta etxetik at, eta Greziako Panellinios Atenasen aurka etxean), eta hiru galdu (Bartzelonaren aurkako biak eta greziarren aurka etxetik kanpo).

Esloveniako Ligan ere txukun ari da. Hirugarren da, Cimos Koperren eta Celjeren atzetik. Bost partida jokatu ditu, eta guztiak irabazi. 150 gol sartu ditu (30 gol partidako) eta 121 gol sartu dizkiote (24,1 gol partidako). Halere, oraindik ez du jokatu Ligako talde indartsuenen aurka.

Esloveniako Ligako txapeldunordeak talde gaztea du (26 urteko jokalariak batez beste), baina baditu eskarmentu handiko jokalariak ere: Mustafa Torlo atezaina, Michal Baran erdikoa eta Zoran Jovicic ezker hegalekoa, besteak beste. Bi hegalekoak dira taldeko goleatzaile nagusiak: Radoslav Stojanovik mazedoniarra eskuinean, eta David Korazija esloveniarra ezkerrean. Vojko Lazar da entrenatzailea, jokalari historikoa izandakoa. Hura da RK Gold Club Kozinako elastikoarekin gol gehien sartu dituen jokalaria: 3.019 gol.

IRUINDARRAK ZOZKETAREKIN POZIK.Portlandeko entrenatzaile Francisco Javier Zupo Ekisoainek bere ohiko zuhurtasunari eutsi dio Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako egokitu zaien aurkariari buruz hitz egiterakoan, baina hala eta guztiz ere, ezin izan du ukatu pozik hartu dutela berria. Zozketan parte hartzen zuten taldeen artean errazenetako bat egokitu zaie.

Esloveniako RK Gold Club Kozina ez da Europako handienen artean; oraingoz, behintzat, ez. Hala eta guztiz ere, argi eta garbi erran du Ekisoainek: «Ligaxka gainditu, eta aurrera egitea lortu duen taldea da; beraz, ezin dugu gutxietsi».

Portlandeko entrenatzaileak onartu du aurkariari buruz deus gutxi dakiela. «Gold Clubeko jokalariei buruzko erreferentziarik ez dut; hala ere, Jugoslaviako eskola zaharretik atera den taldea da, eta ziur naiz ez dela txarra izanen».

Aurkariari buruzko informazioa biltzeko denbora badu oraindik Portlandek. Horretarako Renato Vugrinec baliatuko du Ekisoainek, Portlandeko eskuin alboko esloveniarrak zer erranik izanen batu bere herriko taldeari buruz.

Informazio eskasak ez du gehiegi arduratzen Ekisoain; gehiago kezkatzen du egutegiak. Kozinaren kontrako lehen partida Eslovenian jokatuko du Portlandek; hara abiatu aurretik, ordea, Altearen kontra ariko da. Esloveniatik itzuli, eta abenduaren 6an Ademar hartuko du Portlandek. RK Gold Club Kozinaren kontrako itzulikoa aste berean jokatuko dute. Egutegiaren gogortasuna bazter utzi gabe, kanporaketa ona egin, eta arazorik gabe sailkatzea espero du Ekisoainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.