Samurrena, teorian

Hungariako MKB Veszprem izango du aurkari Portlandek Txapeldunen Ligako finalerdietan; itzulikoa Iruñean jokatuko da

Julen Etxeberria.
2006ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Portlandeko ordezkariek desira bakarra zuten atzo Txapeldunen Ligako finalerdietako zozketa hasi aurretik: Ciudad Real saihestu nahi zuten nola edo hala. Berdin zitzaien Hungariako MKB Veszpremen edo Alemaniako Flensburg-Handewitten aurka jokatu, baina Espainiako taldeari izkin egin nahi zioten. Iruindarren desirak bete egin ziren, eta Veszprem egokitu zitzaien. Zorte ona ez zen hor amaitu. Izan ere, joaneko partida Hungarian jokatuko dute, hilaren 25ean edo 26an, eta itzulikoa astebete geroago, Iruñean.

Ez da lehen aldia Portlanden eta Veszpremen bideak gurutzatzen direla Europako lehiaketa batean. Bi taldeok elkarren aurka ariko diren hirugarren aldia izango da oraingoa. Aurreko biak ere Txapeldunen Ligan izan ziren, eta finalerdietan ere. 2001-2002 sasoian izan zen lehena. Hungariako taldeak astindu ederra eman zion Portlandi joanekoan, etxean (27-19). Itzulikoan, iruindarrak miraria gauzatzen saiatu ziren, baina bide erdian geratu ziren (27-21 irabazi zuten). Hurrengo urtean, hala ere, Portlandek kitarakoa hartu zuen. Hungariarrek aurreko sasoian egin bezala, iruindarrak zortzi goleko aldeaz nagusitu ziren joanekoan, etxean (28-20). Itzulikoan, Hungarian, Veszpremek ezin izan zion kanporaketari buelta eman (30-26 irabazi zuen). Bi taldeon arteko kanporaketetan, beraz, denetarik izan da. Lehen partida etxean jokatu duenak egin du aurrera. Espero dezagun oraingoan Portlandek ohitura hori etetea.

Veszprem talde historikoa da,eta ohituta dago Europako lehiaketetan aritzera. Txapel bakarra du: 1991-1992 sasoiko Errekopa, Alemaniako TV Milbertshofeni irabazita. Beste hiru aldiz aritu da final batean: 2001-2002 sasoiko Txapeldunen Ligan, 2002-2003 sasoiko Europako Superkopan, eta 1996-1997 sasoiko Errekopan. Lehen bietan Alemaniako Magdeburgok utzi zuen txapelik gabe, eta hirugarrenean, Elgorriaga Bidasoak. Hungarian, ordea, garaipen zerrenda txukuna du: 14 aldiz irabazi du Liga (azken biak jarraian) eta 16 aldiz Kopa. Sasoi honetan ere ondo ari da Ligan. Bigarren da: 16 partida jokatu ditu, 15 irabazi eta bakarra galdu (Pick Szeged liderraren aurka). Gol gehien sartu duen taldea da (627 gol, 39 pasatxo partidako) eta gol gutxien jaso duen bigarrena (397 gol, ia 25 partidako).

Portlanden aurkariak ibilbide txukuna egin du sasoi honetan Txapeldunen Ligan. Bigarren izan zen lehen ligaxkan, Ciudad Realen atzetik. Sei partida jokatu zituen: bost irabazi eta bat galdu (Ciudad Realen kontra). Final-zortzirenetan, berriz, aise kanporatu zuen Danimarkako Arhus. Askoz gehiago sufritu behar izan zuen final-laurdenetan Frantziako Montpellier kanpoan uzteko. Bi goleko aldeaz galdu zuen joanekoan, Frantzian, baina itzulikoan bost goleko aldeaz nagusitu zen eta finalerdietarako sailkatu.

Ekisoain: «Zortea izan dugu, baina ez da erraza izango»

Francisco Javier Zupo Ekisoain Portlandeko entrenatzaile pozik azaldu zen zozketaren emaitzarekin. «Ciudad Real saihestu nahi genuen, eta lortu dugu. Pozik nago, baina horrek ez du esan nahi Veszprem aurkari samurra denik. Behin kanporatu gintuen, eta berriro egin dezake. Errespetua zor diogu. Ez da kanporaketa erraza izango, baina dugun guztia emango dugu finalean aritzeko».

Ekisoainen iritziz, Veszprem «ezer gutxi» aldatu da azken hiru urteetan. «Sterbik eta Dzomba dira galdu dituen bi jokalari garrantzitsuenak. Hala ere, talde indartsua du: Lazarov goleatzailea, Sola, Lapcevic, Pasztor, Buday, Perez... Han izango dugun giroak ere kezkatzen nau, oso zale sutsuak baititu. Oso ondo jokatu beharko dugu bi partidetan finalean egon nahi badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.