Amaya Sport San Antoniok CAI Aragoiren aurka jokatuko du gaur, 20:30ean, lehen itzuliko etxeko azken partida. Zaleen aurrean, beraz, aurpegirik onena eskaintzea izanen dute nafarrek helburu, jokoan diren bi puntuak eskuratzeko asmoz. Toledoren aurkako azken jardunaldiko partidan berdinketa baino ez zuten lortu iruindarrek, egindako hutsen ondorioz, eta arantza hori atera nahiko dute gaur, Aragoiren kontra.
Ez da lan erraza izanen. San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxeak berak argi eta garbi erran du Aragoi ez dela nafarren aurkari zuzena, Iruñeko taldearen gainetik dagoelako. «Ligako handienekin lehiatzeko moduan dagoen taldea da Aragoi. Zortea izan dugulako, batetik, eta ligako ezustea izan garelako, bestetik, gaude sailkapenaren goiko aldean. Aragoi hor dago talde sendoa delako, kalitate handikoa. Kosta eginen zaigu mendean hartzea».
Errealitateari zuzenean egin dio so Apezetxeak, akaso azken jardunaldiko emaitzak bultzatuta. Edonola ere, Aragoik duen puntu kopuru bera du San Antoniok une honetan, hamazazpi alegia. Aragoi bosgarren da sailkapenean, eta nafarrak seigarren. Apezetxeak bi taldeen artean dagoen aldea nabarmendu arren, San Antoniok aukera du gaur Aragoiri aurrea hartzeko.
Etxean sendo
Aurkari gogorra izanen da CAI San Antoniorentzat, baina iruindarren entrenatzaileak berak ez du garaipenaren atea erabat itxi. Taldeak bere pistan orain arte erakutsi duen sendotasunari eusten badio, aurkaria mendean hartzeko aukerarik izanen dela erran du. «Zaleen laguntzarekin, CAIri aurre egiteko moduan izanen gara». Ez du ahaztu, hala ere, azken zazpi jardunaldietan porrot bakar bat ere ez duela jaso aurkariak.
Bolada horri amaiera ematea izanen da San Antonioren zeregina gaur, lehen itzuliko azkenaurreko partidari, etxeko azkenari,etekinik handiena ateratzeko.
San Antoniok CAI Aragoi hartuko du gaur, etxeko azken partidan
Juanto Apezetxeak ez du aurkari zuzentzat jo nahi CAI, nafarren gainetik dagoen taldea dela uste baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu