San Antoniok erraz irabazi dio Huescari (37-23), eta errebantxa hartu du etxean

Iruñeko taldea jaun eta jabe izan da partidaren hasieratik; urrezko bi puntu eman dizkie garaipenak nafarrei

Erredakzioa
Iruñea
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Zalantzarako tarterik utzi gabe. Amaya Sport San Antonio jaun eta jabe izan da bere pistan, eta 37-23 irabazi dio Huescari. Urrezko puntuak eman dizkio garaipenak Iruñeko taldeari, Asobal ligako sailkapenean gora begira jarri ahal izateko.

San Antoniok atzokoaren gisako partida bat behar zuen. Nagusitasun osoz irabazteko aukera emanen zion partida bat. Lehen itzulian porrot mingarria jaso zuten nafarrek Huescaren kontrako aurreneko jardunaldiko partidan, eta errebantxarako gogoz ziren Juanto Apezetxearen jokalariak.

Lehen unetik partida serioa jokatu zuten atzo etxean, eta jokoan zegoen aldeak markagailuan izan zuen isla garbia. Lehen zatiaren amaieran 17-10 ziren aurretik jada nafarrak. Bigarrenean gauzak ez ziren askorik aldatu, eta aldeari eusten asmatu zuten etxeko jokalariek. Bai eta handitzen ere. Partida erabat jarri zen nafarren alde, eta azkenean 37-23 nagusitu zen San Antonio. Puntuak eta konfiantza irabazi ditu Iruñeko taldeak atzoko garaipenarekin.

Gaur, Anaitasuna-Granollers

Anaitasunak Granollers hartuko du gaur bere pistan, bigarren itzuliko lehendabiziko partidan (12:30ean). Joanekoan ezustean hartu zuten iruindarrek talde kataluniarra, eta 29-30 irabazi zieten. Granollers berriz mendean hartzea zaila izanen dela argi utzi du Anaitasunako entrenatzaile Aitor Etxaburuk.

Hilabete eta erdiko etenaldiak zer eragin izan duen ikusteko dago Anaitasunako jokalarientzat. Gaur, gainera, Jose Manuel Garcia eta Maxi Cancio gabe ariko da talde nafarra, min hartuta baitaude. Bozidar Nadoveza, berriz, deialdian izanen da, estreinako partida izanen baita gaurkoa Anaitasunako jokalari berriarentzat.

«Granollers errebantxarako gogoz etorriko da», erran du Etxaburuk. Asmo hori zapuztea izanen da iruindarren helburua. Etxeko puntuei eustea funtsezkoa dela argi daki Etxaburuk, eta horretarako Granollers hartu beharko du Anaitasunak mendean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.