San Antoniok errebantxarako gogoz jokatuko du gaur, Huescaren aurka

Bigarren itzulia garaipen batekin hasi nahi dute iruindarrek, joaneko partidako porrota ahazteko asmoz

Erredakzioa
Iruñea
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Aurkari zuzen baten kontra ekinen dio Amaya Sport San Antoniok gaur Asobal ligako bigarren itzuliari: Huescaren aurka. Errebantxarako aukera emanen dio gaurko norgehiagokak Iruñeko taldeari, lehen itzuliko partidan 33-24 irabazi baitzion Asobalera igo berri den taldeak San Antoniori.

Juanto Apezetxearen taldea hamabigarren da sailkapenean, hamar punturekin; hamalaugarrena da, berriz, Huesca, zortzi punturekin. «Ez da aurkari erraza, baina orain arte egin dugun lanak garaipenaren saria jaso dezan nahi dugu», erran du San Antonioko entrenatzaileak.

Europako Txapelketa amaitu berri da, eta ikusteko dago etenaldiak zer eragin izanen duen taldearen jokoan. Apezetxeak, behintzat, talde osoa izanen du pistara ateratzeko prest, Gedeon Guardiola eta Ibai Meoki osatu berri baitira; biak jokatzeko moduan izanen dira.

Lehen itzulian gorabehera anitz izan zuen San Antoniok. Arazo horiek konpondu beharko ditu bigarrenean sailkapenean gora egin, eta denboraldiaren azken txanpari lasaitasunez ekin ahal izateko. Horretarako, etxeko partidetan sendo agertzea funtsezkoa da nafarrentzat. Huescaren aurka dute, gaur, aukera ezin hobea hobera egin dutela erakusteko. «Badakigu irabazteko gogoz etorriko direla, baina guretzat hagitz garrantzitsua da guk irabaztea», erran du Apezetxeak.

ASOBAL LIGA

Amaya Sport San Antonio. Lucau, Ristanovic, Niko, Meoki, Victor, ¡Curkovic, Rasic, Sevaljevic, Luisfe, Sluijters, Jimenez, Crowley, Alberto, Julen, Gedeon eta Peciña.

Huesca. Voncina, Rodriguez, Bartolome. Saubich, Esteban, Pesic, Cano, Alvarez, Ruiz, Montero, Grau, Perez, Tremps, Vieyra, Escribano, Bertos eta Mira.

Epaileak. Escudero eta Escudero.

Lehiaketa. Asobal ligako hamaseigarren jardunaldia.

Tokia. NUPeko pabiloia.

Ordua. 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.