San Antoniok Errekopan du bidea zuzentzeko aukera

Final-zortzirenetako joaneko partida du gaur, etxean, Izvidacen aurka, eta urteko lehen garaipena nahi du

Javier Humet, jaurtitzen, Doukasen aurka. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Asobal ligako bigarren itzuliko hasiera txarra ahazteko aukera du gaur Amaya Sport San Antoniok, Europako Errekoparekin. Final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko du gaur, Iruñean, Izvidac Bosniako taldearen aurka. Ligako porrotak bazter utzi, eta Europan bertze urrats bat egiteko prest dira Juanto Apezetxearen jokalariak. «On eginen digu burua bertze txapelketa batean jartzeak. Ea partidari eroso aurre egiteko gai garen», erran du Niko Mindegia erdikoak.

Entrenatzaileak konfiantza badu. «Partida ona jokatzeko eta irabazteko gai izanen garela uste dut», azaldu du. Aurkaria mendean hartzea ez dela batere erraza izanen argi du, hala ere. «Talde ona da». Nafarrek Izvidac ez dute zuzenean ikusi, baina Apezetxeak hainbat bideo erakutsi dizkie bere jokalariei asteon. «Jokalari gazteak dira gehienak; gure taldearen antzeko ezaugarriak dituzte. Erasoan Lovrinovic nabarmenduko nuke; Matic eta Mucic ere aipatzeko modukoak dira».

Jokalarioi eta Izvidac taldeko gainontzekoei aurre egiteko, Ligako azken jardunaldian Granollersen aurka aritu zen talde bera izanen du Apezetxeak pistara ateratzeko moduan. Santi Urdiales da min hartuta dagoen bakarra nafarren artean.

Etxean ariko direla profitatzea hagitz garrantzitsua dela azpimarratu du Apezetxeak. «Zaleak alde izanen ditugu, eta egoera horri etekina atera behar diogu. Badakigu kanporaketa Iruñean erabakitzea zaila izanen dela, hala ere. Partida zaila izanen da, lehia bizikoa. Gure helburua, dena den, ahalik eta emaitzarik onena lortzea da. Kontzentrazioari eutsi behar diogu».

Lehen itzulian erakutsitako konfiantza ez du agertu San Antoniok bigarren itzulian orain arte. Gaur, bidea zuzentzeko aukera ederra du.

SAN ANTONIO-IZVIDAC

Lehiaketa. Europako Errekopako final-zortzirenetako joaneko partida.

Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Lucau, Vargas, Agirrezabalaga, Meoki, Borrogan, Mindegia, Rasic, Sevaljevic, Crowley, Gedeon, Eloy Gonzalez, Humet eta Victor Alvarez.

Izvidac. Bumbac, Sarac, Buntic, Buric, Boras, Bosnjak, K. Colak, S. Colak, Dzeba, Lovrinovic, Eres, Grbavac, Herzeg, Ilic, Juric, Malinovic, Matic, Milas, Milicevic, Mucic, Peric, Tomic, Zadro eta Zeljic.

Epaileak. Sivak eta Dvorsky (Eslovakia).

Lekua. NUPeko pabiloia (3.000 ikusle).

Ordua. 18:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.