San Antoniok eta Anaitasunak derbi historikoa jokatuko dute, 31 urteren ondoren

20:15ean hasiko da partida, Iruñeko NUPeko pabiloian, eta giro bikaina izatea espero dute

edurne elizondo
Iruñea
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Egun berezia izanen da gaurkoa Euskal Herriko eskubaloiarentzat. Iruñean, aspaldiko partez, aurrez aurre izanen dira NUPeko pabiloiko pistan Amaya Sport San Antonio eta Helvetia Anaitasuna (20:15, Teledeporte). Derbi historikoa izanen da, azkenekoz elkarren kontra jokatu zutenetik 31 urte pasatu baitira.

Bi taldeetako jokalarientzat esperientzia berria da derbia. Azken egunotan, hala ere, giro berezia sumatu da gaurko partidaren inguruan. San Antoniok eta Anaitasunak bazkaria antolatu dute zaleentzat gaurko. NUPeko pabiloia bete egin nahi dute. Derbiko giroa berotu. Gozatu.

Lehia handiko norgehiagoka izanen da gaurkoa. Asobal ligako sailkapenean 11. da San Antonio, eta Anaitasuna, berriz, 12. postuan dago. Seina puntu dituzte bi taldeek, eta, ondorioz, irabazteko premia. San Antonio da faborito, ustez. Esperientzia, behintzat, alde du, oraingo sasoian itzuli baita Anaitasuna Asobal ligara, 28 urtez maila nagusitik at egon eta gero. Denboraldiko lehen partidan Granollers ezustean harrapatu zuen Anaitasunak haren pistan, eta San Antonioren aurka ere puntuak eskuratzeko prest aterako dira pistara Aitor Etxaburuk entrenatzen duen taldea.

Lesioek baldintzatuta

Derbia ez da hagitz momentu onean ailegatu Juanto Apezetxearen taldearentzat. San Antoniok galdu egin zuen Logroñoren aurka azken jardunaldian, eta porrotak min egin die nafarrei. Lesioek, gainera, gogor jo dute taldea azken boladan. Niko Mindegia, David Rasic eta Ibai Meoki ezin izanen dira aritu, eta jokalari garrantzitsuak dira.

Anaitasunako jokalarien artean ere badira min hartuta daudenak. Maxi Cancio eta Jose Manuel Garcia oraindik ez dira osatu, eta Jon Latorrek, gainera, orkatila bihurritu du. Azken unera arte ez da argituko pistara aterako den edo ez. Etxabururen jokalariek azken garaipenak eman dien indarra dute alde, eta profitatzen saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.