San Antoniok eta Arratek irabazi egin dituzte euren partidak etxetik kanpo

Nafarrek Alcobendasen lortu dute estreinakoa (27-29), gipuzkoarrek Logroñon eten dute bolada txarra (28-29)

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Jardunaldi bikaina izan zen atzokoa Asobal ligan ari diren bi euskal taldeentzat. Irabazi egin zuen Amaya San Antoniok Alcobendasen (27-29), eta irabazi Arratek ere Logroñon (28-29). Nafarrentzat etxetik kanpora irabazten duten lehen partida da atzokoa, gipuzkoarrentzat denboraldi honetan irabazten duten lehenengoa.

Partidako minutu erabakigarriak kontrarioak baino hobeto jokatu zituelako irabazi zion San Antoniok Alcobendasi. Txakalaldirik gabeko partida jokatu zuten nafarrek, eta ongi baliatu zituzten kontrarioak izandakoak. Lehen zatia aurretik amaitu zuten etxekoek, baina bigarrenean izan zuten beherakada. Bai, behintzat, 40. minututik 50.era bitartean. Defentsan ez zuten asmatu, paseetan ere ez, eta Alavarez eta Rasic San Antoniokoek une hori baliatu zuten partida apurtu eta zazpi goleko errenta lortzeko. Egia da Rafa Guijosaren taldeak bikain erreakzionatu zuela, azken bost minutuetan sei gol sartu zituela, baina San Antoniok partida lokartu eta aldearekin jokatzea erabaki zuen, eta asmatu.

Naturhousek eta Arratek Logroñon jokatutako partida orekatua eta gogorra izan zen. Etxekoak baino askoz hobeto hasi ziren kanpokoak (2-6), baina 14-14 bukatu zen lehen zatia eta bigarren zatiko seigarrenean jarri zen lehen aldiz Naturhouse aurretik (18-17). Defentsan eta joko katramilatuan oinarritu zuten gipuzkoarrek euren jokoa, erreakzionatzeko gai izan ziren, eta sare horretan ito ziren errioxarrak.

Bera Beraren hirugarrena

ABF ligari dagokionez, Murtzia igo berriaren aurka aritu zen atzo Bera Bera, eta irabazi egin zuen (24-22). Jarraian irabazten duten hirugarren partida da atzokoa, eta beste urrats bat egin dute Europara sailkatzeko postuetan sartu eta bertan asentatzeko. Talde igo berria izan arren, ABF ligan eskarmentua duten jokalari asko ditu Murtziak, ez zen partida erraza izan donostiarrentzat, baina ongi atera zuten aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.