San Antoniok Granollersen galdu du, etxetik kanpoko itxura hobetu badu ere

Etxekoak hobeto aritu dira azken bost minutuetan (29-28), eta Iruñeko taldea jaisteko postuetara gerturatu da

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Etxetik kanpo du ikasi beharreko lezioa Amaya San Antoniok. Iruñean indartsu ari da, itxura ona eman eta puntuak lortuz, baina kanpoan du zuloa. Atzo berriz ere galdu zuen, Granollersen (29-28), baina taldeak, gutxienez, aurreko irteeretako irudia hobetu zuen. Partidaren zati handi batean aurretik ibili zen, eta bigarren zatiari hobeto ekin zion, baina azken txanpan etxekoak gailendu ziren. Orain, eta bost partida jokatu ondoren, San Antonio 11.postuan dago, eta gaur jaisteko postuetara gerturatu daiteke.

Gehiago merezi izan zuen San Antoniok Granollersen. Berdinketa litzateke emaitza justua, baina eskubaloian ezohikoa da, etazorteak Granollersi egin zion barre. Partida oso estua izan zen, eta San Antonio aurretik iritsi zen azken txanpara, hein handi batean Ristanovic atezainaren lan bikainari esker (26-27, 54. min). Hortik, aurrera, baina, argia itzali zitzaien iruindarrei, eta etxekoek 3-0eko partzial batekin —horietatik bi gol penaltiz— erabaki zuten partidan. Saiatu zen San Antonio berdinketaren gola sartzen, baina ez zuen asmatu azken minutu ia bukaezinean. Golei dagokienez Rasic izan zen San Antonioko onena, zazpi sartuta, Agirrezabalagak, aldiz, bost sartu zituen.

Anaitasuna, Logroñon

Granollers ezustean hartu zuen Anaitasunak Asobal Ligako lehen jardunaldian, baina geroztik punturik ez du eskuratu, eta hamahirugarren da sailkapenean. Gaur, Naturhouseren aurka, punturen bat lortzea izanen da iruindarren helburua. Aurkariaren pistan ariko dira, 20:00etan.

Aitor Etxabururen jokalariek ez dute hasierako ilusioa galdu, eta Naturhouse ere ezustean harrapatzeko asmoz ariko dira gaur. Deialdia osatzeko hainbat arazo izan ditu entrenatzaileak aste honetan. Canciok min hartuta jarraitzen du, eta azken orduan, gainera, Jose Manuel Garcia gelditu da taldetik at. Besoa min hartuta du. Mikel Redondo ariko da haren tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.