Amaya Sport San Antoniok partidarik irabazi ezinda jarraitzen du Asobal ligako bigarren itzulian. Atzo zeukan bolada kaskar horri buelta eman eta konfiantza apur bat lortzeko aukera Sagunten kantxan, baina ez zuen lortu. Lehen zatian (5-10) eta bigarrenean (13-17) kontrarioarekiko alde nabarmenak lortuta aritu zen Juanto Apezetxearen taldea, baina une erabakigarrietan ez zuen partida lotuta uzten asmatu, eta une erabakigarrietan etxekoek asmatu egin zuten etxekoen babesean.
Konfiantza bila joan ziren nafarrak Valentziara, eta zalantza bat baino gehiagorekin bueltatu dira Iruñera. Boladaka joko ona erakutsi zuten atzo, baina boladaka kontzentrazio falta handi samarra ere bai. Partidari ihes egiten utzi ote ziotenaren sentsazio hori.Humet, Alvarez, Rasic eta Agirrezabalaga nabarmendu ziren nafarren artean, eta Backovic eta Sanchez etxekoen artean. San Antoniok larunbatean du Errekopako final-zortzirenetako itzuliko partida, Bosnian. 36-29 nagusitu zen joanekoan. Atzoko zalantzak albo batera utzi beharko ditu aurrera egiteko.
Leonen, Ademarren kantxan, ez zuen Arratek etxeko taldearen kontra inolako aukerarik izan. Joan aurretik zekien Arratek partida zaila zeukala. Asobal ligako oilarretako baten kontra zeukan aritu beharra, eta bi taldeen arteko koska hasieratik gelditu zen agerian (17-9 amaitu zen lehen zatia). Ligako azken bi partidak eta Europan jokatutako galduta zeuzkan Ademarrek, eta Arrateren kontura hartu zuen arnasa (33-20). Gipuzkoarrek puntu bakarrera dute jaitsiera eta hasi beharra dute puntuak biltzen nola edo hala.
Espainiako Kopa, gaurtik
Azken urteetan euskal taldeentzat poz iturri izan den Espainiako Kopa gaur hasiko da, Kanariar Uharteetan. Itxako, iazko txapelduna, da faborito nagusia. ABF ligako buruan dira nafarrak eta erakusten ari diren nagusitasuna berretsi nahi dute Kopan. Horretarako, lehen arerioa Elx izango dute gaur (17:00). Orain dela hilabete ikusi zuten elkar azkenekoz, eta Lizarrakoek erraz irabazi zuten (18-35).
Bera Berak ere itxaropentsu ekingo dio Kopari. Birritan irabazi du txapelketa —2006-2007 eta 2008 -2009 denboraldietan—, eta lehiaketa kutuna bihurtu da donostiarrentzat. Halere, finalerdietara iristeko, lehenik, Elda Prestigiori irabazi beharko diote (19:00). Kanporaketa zaila izango da, Elda sendo baitabil. Gaur irabaziz gero, konfiantza osoz ekingo diote hurrengo kanporaketei. Finala heldu den igandean da (12:00).
San Antoniok irabazi ezinda jarraitzen du bigarren itzulian
Nafarrek berdindu egin dute Sagunten kantxan (26-26), eta Arratek nabarmen galdu du Ademarrenean (33-20)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu