Zazpi partida jokatu eta bi baino ez zituen irabazita Amaya Sport San Antoniok atzo arte. Puntuak batzen hasteko premia larria zeukan, eta arnas apur bat hartzeko aukera izan zuen atzo azkenean. Ez zeukan kontrario erraza. Juanto Apezetxea entrenatzaileak bezperan iragarri zuen liga hasieran gehien harritu duen taldea dela Torrevella. Ganorazko fitxaketak egin dituela eta joko bikaina egiten ari direla. Azken lau partidak irabazita iritsi zen atzo Iruñera, baina San Antonioren bertsiorik onenarekin egin zuen topo, eta bosgarrenean galdu (27-21). Sailkapenaren erdialdean asentatu da orain San Antonio atzoko puntuei esker (sei puntu dauzka, eta hamargarren dago).
Kontrarioak hasi ziren etxekoak baino hobeto, hala ere. Defentsan gogor hasi ziren Torrevellakoak, Pejanovic atezaina asmatuz hasi zen, eta aurrea hartu zuten (0-3). Azkar erreakzionatu zuen San Antoniok, hala ere (3-3). Defentsa gogortzen hasi zen Apezetxearen taldea eta asmatzen, botatzen zioten guztia gelditzen, Ristanovic atezaina. 9-2ko partziala lortu zuten nafarrek horrela, eta Manuel Laguna Torrevellako entrenatzaileak partida gelditu beharra izan zuen (12-7).
Geldialdia baliatuta, erreakzionatu zuten kanpotarrek apur bat atsedenaldira iritsi baino lehen (12-9), baina bigarren zatiari maila on horretan ekin zion San Antoniok. Defentsan intentsitate berberari eutsi zion, Ristanovicek kale egin gabe jarraitu zuen, eta Gedeon, Alberto eta Crowley eraginkor aritu ziren benetan erasoan (sei gol sartu zituen Gedeonek orotara, hiru Crowleyk eta bost Albertok).
Izan zuten etxekoek zortzi goleko errenta ere 48. minutuan (22-14), baina Torrevellakoek ez zuten sekula amore eman eta San Antoniokoek ez zuten sekula tokirik galdu. Asobal ligan geldialdia izango da orain eta geldialdia baino lehen etxeko puntu horiek ziurtatu nahi zituen Juanto Apezetxearen taldeak. Ez zion utzi errentari eta partidari ihes egiten. Egia da azken txanpan nekea nabaritu zutela jokalari askok, baina David Rasic agertu zen azken minutu horietan, eta bere jardunarekin eta golekin lasaitasuna eman zion taldeari.
San Antoniok itxura ona emanda eten du Torrevellaren bolada
Puntu premian zeuden nafarrak, eta arnas apur bat hartzeko aukera izan dute etxeko partida irabazita (27-21)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu