Amaya Sport San Antoniok Huescaren aurkako garaipen argiarekin ekin dio bigarren itzuliari, eta bide beretik aurrera egiten saiatuko da gaur, Antequeraren pistan (18:30). Aurkariaren egoera ekonomikoak erabat baldintzatuko du partida, Antequerak dituen arazoen ondorioz hainbat jokalarik taldea utzi baitute azken egunotan. «Egun batetik bestera aldatzen dira gauzak, eta, horrela, zaila da norgehiagoka ongi prestatzea», azpimarratu du San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxeak.
Nafarrentzat garrantzitsua da gaur etxetik kanpo jokoan dituzten bi puntuak eskuratzea, haien konfiantzak gora egiteko, batetik, eta, bertzetik, lehen itzulian izan ez zuten erregulartasuna erakusten hasteko. Taldea bide onean dela uste du Apezetxeak, eta jokalariek aukera izanen dutela gaur bertze urrats bat egiteko.
Julen Lopez deialditik at utzi du entrenatzaileak. Victor Alvarez ere ez da ariko, gripeak jota baita. Gainerako jokalariak jokatzeko prest izanen dira. Erasoan eta defentsan fin ibili beharko dutela argi du Apezetxeak. Ez da aurkariarekin fidatzen, eta gogor lan egin beharko dutela nabarmendu du. Sailkapenean 11. postuan dira iruindarrak. Gora egiten jarraitu nahi dute, eta horretarako puntuak behar dituzte.
ABF ligan, Kukullagak Leon hartuko du, gaur (20:00). Puntuak pilatzen hasi beharko dute lehenbailehen bizkaitarrek, jaitsiera postuetan kateatuta geratu nahi ez badute. Azken-aurrenak dira.
San Antoniok jarraipena eman nahi dio Huescaren aurka lortutako garaipenari
Iruñeko taldeak Antequeraren pistan jokatuko du Asobal ligako bigarren itzuliko bigarren partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu