San Antoniok sendo jarraitzen du etxean, eta 29-24 irabazi dio Cuencari

Anaitasunak sasoiko lehen garaipena lortu nahi du etxean, gaur, Torrevellaren aurka (12:00)

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kalean uso, etxean otso. Horrela dabil Asobal ligaren hasiera honetan Amaya Sport San Antonio. Iruñetik at jokatu dituen bi partidak galdu ditu, eta NUPeko pabiloian jokatu dituen beste biak irabazi; azkena, atzo, Cuenca Ciudad Encantadaren aurka (29-24). Partidak bi zati oso ezberdin izan zituen: lehen hiru laurdenetan parekotasuna zen nagusi (20-20), eta azken ordu laurdenean, San Antonio. Iruñeko taldeak 6-0eko partziala lortu zuen, eta norgehiagoka hautsi. Sevaljevic, Gedeon Guardiola eta Julen Lopez izan ziren onenak, hiruren artean hogei gol sartu baitzituzten. Garaipenari esker, San Antonio sailkapenaren erdian dago, arriskutik kanpo.

Asobal ligako beste euskal taldeak, Helvetia Anaitasunak, gaur jokatuko du, etxean, Torrevellaren aurka (12:30). Aitor Etxaburuk entrenatutako taldeak oso ondo hasi zuen denboraldia, estreinako partidan Granollersen pistan irabazita. Ordutik jokatu dituen bi norgehiagokak, baina, galdu egin ditu, eta gaur irabazteko premian da, sailkapeneko azken postuetara kateatuta ez geratzeko. Maxi Cancio ez da ariko Anaitasunan, min hartuta baitago. Carlos Chocarrok eta Cristian Martinezek, berriz, lehen aldiz joka dezakete sasoi honetan.

Garaipena eta porrota ABFn

ABF ligan, berriz, denetarik izan zen atzo. Bera Berak 15-34 irabazi zuen Gijonen pistan, eta garaipen horri esker atzean utzi du azken jardunaldian Itxakoren aurkako derbian jasotako porrota, eta gora begira jarri da berriz ere. Azken emaitza argigarria da oso, pistan bi taldeen artean egondako alde handiaren isla.

Kukullagak, berriz, suspertu ezinik jarraitzen du. Etxebarriko taldeak berriro galdu zuen, 28-25 Leonen aurka. Lydia Montesek entrenatutako taldeak aurreko partidetan baino itxura hobea eman zuen, baina ez zen nahikoa izan punturen bat eskuratzeko. Lehen hiru jardunaldiak jokatuta, bizkaitarrek ez dute puntu bakar bat ere lortu. Horrela jarraituz gero, nekez aterako dira sailkapenaren zulotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.