Gescrap Bizkaia 79. Caja Laboral 80

San Emeterio santua

Sekulako kolpea eman dio Caja Laboralek Gescrapi azken unean, eta bizkaitarrak zortzi onenetatik urrundu ditu

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaia. Jackson (20), Blums (11), Mumbru (5), Banic (4) eta D. Fischer (9) —hasierako bostekoa—, Hervelle (7), Lopez (-), Vasileadis (20), Grimau (2), J. Fischer (-) Mavroeidis (1).

Caja Laboral. Prigioni (18), Ribas (4), San Emeterio (11), Teletovic (24) eta M. Bjelica (8) —hasierako bostekoa—, Oleson (6), N. Bjelica (9), Golubovic (-), Heurtel (-).

Markagailua. 23-22, 36-39 (atsedenaldia), 53-60 eta 79-80.

Epaileak. Mitjana, Araña eta Castillo. Ez zuten inor kaleratu.

Bestelakoak. 13. jardunaldiko partida. Jendetza Miribillan.

Egina zeukan Bizkaiak. Eta zailena egin ondoren: Hamar puntuko aldeari buelta eman, lana beltz egin ostean, gauza guztiak, edo gehientsuenak ondo egin ostean. Baina Baskoniak aingeru begiralea dauka, santu bat: Fernando San Emeterio. Bere sasoi puntu onenetik urrun dago espainiarra, baina arima uzten du beti, eta azken baloia jaurtitzeko eskatzen badiote, jaurti egiten du. Taldeko makulu bat delako eta erantzukizuna onean eta txarrean hartu behar delako. San Emeteriok berak adierazi zuen partida bukaeran, ernegatuta zebilela, ezin asmatu, eta iraganean erraz egiten zuena egin ezinik. Haserre keinuak ere egin zituen, akats ulertezinak egin eta gero, baina hiruko erabakigarria jaurtitzeko ausardia erakutsi zuen zortzi hamarren falta zirela. Eta sartu.

Eta mendekua hartu. Eta pasa den osteguneko kolpeari kolpe mingarriagoa eman. Garaipenarekin Kopan zegoelako Bizkaia, eta orain, kanpoan. Garaipen bakarrera, baina kanpoan. 77-76 zen aurretik Bizkaia, eta Vasileiadisi eman zioten baloia. Greziarrak ez du kale egiten puntu bateko jaurtiketetan, baina lehenengoan ez zuen asmatu, eta 78-76koa geratu zen 11 segundoren faltan. Prigionik igo zuen baloia, eta San Emeterio bilatu izkinean. 'Ez du sartuko', pentsatu zuten Baskoniako zale batzuk. 'San Emeterio ez', besteek, espainiarra gaizki baitago. Eta ttak. Hirukoa eta Miribilla isilik. Jackson sinetsi ezinik. Vasileiadis grezieraz purrustadak botatzen.

Ederra izan zen partida, alternatiba askokoan. Nabarmen hobetu zuen bere jarduna Baskoniak. 24 puntu eta 10 erreboteraino joan zen Teletovic kapitaina, baina ondo jokatu zuten Prigionik, bi Bjelicak (Nemanjak batez ere), eta Pau Ribasek ere. 10 puntuko zuloa ireki zuten hirugarren laurdenean, epaileek Bizkaiari falta teknikoa adierazi eta Prigionik puntu bateko lau jaurtiketa sartu zituenean. Laugarren laurdena ere arabarren nagusitasunarekin hasi zen, 53-60, baina Bizkaiak ez zuen etsi.

10-0ko partziala lortu zuen, Vasileiadis eta Hervelleren puntuei esker, eta laugarren hamar minutukoa batek eman, besteak erantzun izan zen. Ederra. Prigionik, hamaikagarrenez, arnasa eman zion bere taldeari, erasoko errebote galdu baten ostean erabakigarria izan zen hiruko bikaina saskiratuta. 74-73koa jarri zuen argentinarrak, eta errebotea bizkaitarrena izan balitz, akabo: lau puntu eta bi minutu, jokatzeko.

Asko irabazi du Baskoniak. Garaipen soilaz harago, jaikitzeko gaitasuna, inork haien alde txakur txikirik ematen ez zuenean. Bizkaiarentzat ere txaloak. Kemena baitute soberan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.