Futbola

San Josek eta Beñatek liga amaitu arte jarraituko dute Athleticen; ez, ordea, Orellanak Eibarren

Bi jokalari zuri-gorriek iragarri dute «bihotzagatik» hartu dutela erabakia, «buruak» ez segitzeko aukeraren alde egiteko hautua ematen bazien ere. Zuzendaritzaren jarrerarekin konforme ez daudela iradoki dute, eta jakitun direla ez dutela taldean segituko datorren denboraldian, «ziurtasunez esan ez badigute ere».

Beñat eta San Jose, txantxetan, denboraldi honen hasierako entrenamendu batean. EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 29a
22:12
Entzun

Ekainaren 30a dute mugarria Mikel San Josek, Beñatek eta Athleticek. Bihartik aurrera libre ziren jokalariak, kontratua amaitzen zaielako hilarekin batera. Klubak eskatu die jarraitzeko, eta hori egingo dute biek. Sare sozialetan eman dituzte azalpenak. Burua eta bihotza du izena agiriak, eta garden asko azaldu dute «bihotzagatik» erabaki dutela jarraitzea, «buruak» beste zerbait egiteko aukera ematen bazien ere, «profesionalak» diren aldetik. 

«Athleticen bizi izandako guztia errepikaezina da», eta horretan oinarritu dira klubaren eskaintzari baiezkoa emateko. Taldekideak eta zaleak izan dituzte gogoan. Beste aldarte bat antzematen zaie, ordea, zuzendaritzak eurekin izan duen jarrerari buruz ari direnean, horretaz gero hitz egingo dutela iragarri arren, orain unea ez delakoan. Garbi laga dute ez dutela aukerarik izango Athleticen segitzeko datorren denboraldian, «klubak ezer garbirik esan ez badigu ere». 

Orellanaren agurra, sare sozial batean

Badoana Fabian Orellana da. Hori iragarri du sare sozial batean, atzo Granadan jokatu zuena azkeneko partida izan zela kontatu baitu. Valladoliden ariko da datorren denboralditik aurrera. Eibarrek ez du ezer esango gai honetaz bihar arte. Txiletarra ez da bakarra egoera honetan, eta, hilarekin batera kontratua amaitzen zaienen artean, ez du ematen ospa egingo duen bakarra izango denik, Gonzalo Escalantek ere hautu bera har baitezake; datozen hiru denboraldietarako kontratua lotua dauka Lazion (Italia). Gainontzekoak ondorengoak dira: Ramis, De Blasis, Cristoforo, Charles eta Pedro Leon — horrek azaldu du taldeari laguntzen jarraituko duela—. Antzeko egoeran da Jose Luis Mendilibar ere, eta Zaldibarkoak aspaldi esan zuen jarraitu egingo duela liga amaitu arte. 

Espainiako ligan, ehun bat jokalariri bukatuko zaie kontratua ekainaren 30arekin batera, eta gehienek oraingo taldeetan jarraitzea erabaki dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.