Faboritoak ziren, eta argi utzi dute zergatik. Hibaikak eta San Juanek hasiera-hasieratik erakutsi dute maila onean daudela, eta jakin badakitela nola hartu aurrea. Bakoitza txanda banatan izateak ezinezko egin du aurrez aurreko lehia ikustea, baina, hala ere, ikusgarria izan da emakumezkoen lehen jardunaldia.
Hibaika atera da lehen txandan, eta lehiakide zuzen zituen Zarautz-Getaria, Arraun Lagunak eta Cabo. Irten eta minutu erdi baino gutxiagoan segundo baten aldea ateratzen zien gainotzekoei Errenteriako ontziak, eta ziabogara heldu direnerako 11 segundoren aldea aterea zieten galiziarrei. Estu ibili dira azken horiek. Azkenean, 10:42ko denbora egin du Hibaikak; Zarautz-Getaria izan da bigarren, 11:05ekin; Cabo hirugarren, 11:11rekin; eta Arraun Lagunak hurrena, 11:24rekin.
Bigarren txandan heldu da ezustea, San Juan eta Orioren arteko lehiarekin. Pasaitarrek erakutsi dute euren nagusitasuna, baina larri ibili dira Orio atzean uzteko. Denboraldiko estropada onenetako bat egin dute azken horiek, eta banderarako lehian sartu dira horri esker. Zarautz-Getariak ere ahalegin handia egin du, eta aurrea hartu dio Cabori.
Hala, honela geratu da datorren iganderako sailkapena:
1. San Juan: 10:39
2. Hibaika: 10:42
3. Orio: 10:43
4. Zarautz: 11:05
5. Cabo: 11:11
6. Deustu: 11:17
7. Hernani: 11:21
8. Arraun Lag.: 11:24