Arrauna

San Juanentzat, lehenbizikoa

Gipuzkoako Ligako aurreneko estropada irabazi du Bilbon. Atzetik sailkatu dira Hibaika eta Orio zazpi eta 22 segundora, hurrenez hurren.

ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 17a
16:54
Entzun

Hasi da traineuren denboraldi ofiziala. Gipuzkoako Ligako lehen estropadarekin hasi da, Bilbon, eta San Juanek ez du huts egin. Onena izan da Deustuko uretan, eta 10:31,73ko denborarekin Bilboko Emakumeen II. Ikurriña irabazi du. Atzetik Hibaika (10:38,90) eta Orio (10:54,10) sailkatu dira, eta hiru traineruek erakutsi dute besteak baino koska bat gorago daudela, eta haien arteko lehia espero da Ligari begira.

Bigarren luzean irabazi du San Juanek. Izan ere, ziabogan sei segundoko errenta zuen Hibaikak. Baina bueltakoan San Juan hobeto moldatu da. Hala, lider da Ligan, 10 punturekin. San Juan azaltzen da indartsuen denboraldi honi begira, aurreko sosoiko talde ona indartu egin duelako. Gainera, Hibaikak daukan arazorik ez du arraunlari kopuruan Pasaiako ontziak, eta estropada batetik bestera nahi beste aldaketa egiteko moduan dira pasaitarrak, uda trinko honetako nekeak banatzeko aukerarekin. Iaz arantza ere geratu zitzaien, Hibaikak irabazi zielako liga, uda osoan lehia estua izan eta gero. Errenteriakoek, berriz, iazko garaipena berriro lortu nahiko dute. Oker handiren batek beharko luke liga hau bi ontzi horietakoren batek ez irabazteko.

Hurrengo estropada etxean jokatuko du San Juanek, larunbatean jokatuko baita Pasaian (Gipuzkoan). Igandean, berriz, Portugaleten (Bizkaia) lehiatuko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.