San Mames estadio berriaren lanak apirilaren bukaeran edo maiatzaren hasieran hasiko dituztela iragarri du gaur Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak eta, horretarako, Bilboko Udalari bihar eskatuko diotela obretako lizentzia.
Epeak beteko balira, 2012-2013 denboraldi hasierarako taldeak estadio berrian jokatuko lukeela uste du Makuak. Honen arabera, orduan lanen hiru laurden eginda leudeke, eta Athletic han jokatzeko moduan legoke. 53.000 eserleku egongo dira denera.
Estadio inguruko lanak, berriz, 2013-2014 sasoian amaituko lituzkete.
San Mames Barria S.L.ren administrazio kontseiluaren bileran hartutako erabakien berri eman du Makuak Bilbon, Ibaigane Jauregian. Athleticek ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k osatzen dute elkartea, eta Bilboko Udala ere sartuko da estadioko lanak hastean, Athleticeko presidentearen arabera.
Makue "konbentzituta" dago Eusko Jaurlaritzak ere hartuko duela proiektuan eta diruz lagunduko duela. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak urtarrilean zioen eurek San Mames berriari "erabilera publikoa" ere ematearen aldekoak direla eta Goi Errendimenduko Gunea nahiko luketela han.
Egitasmoak 160 milioi euroko aurrekontua dauka, eta Jaurlaritzak 55 milioi jartzea aurreikusten du elkarteak. Foru Aldundiak eta BBK-k 55na milioi euro jarriko ditu, Athleticek 42 milioi euro eta Udalak 11.
futBOLA
San Mames berriaren lanak aste gutxi batzuk barru hasiko dituztela dio Athleticeko presidenteak
Makuak jakinarazi du bihar eskatuko diotela Bilboko Udalari obretako lizentzia eta lanei apirilaren bukaeran edo maiatzaren hasieran ekingo dietela. 2012-2013 denboraldi hastapenean hasiko litzateke Athletic estadio berrian jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu