Marijaia ez da San Mamesen agertu. Aste Nagusiaren barruan jokatzen diren etxeko partidetako ohitura hori ezin izan dute berriztu aurten. Festarako deialdirik gabe, estadioan jaia egin nahi izan dute, ordea. Horretarako gogo ugari zuten zaleek; koronabirusak eragindako pandemiak hasi ondotik lehen aldiz jendea egon da harmailetan. Itzulera eta garaipen gosea asetu nahian aritu dira jokalariak, eta lortu dute markagailuan aurrea hartzea, baina luzeegia egin zaie partida. Azkenerako, 1-1 amaitu da neurketa.
Partida ona jokatu dute zuri-gorriek, kontrarioa baino hobeak izan baitira minuturik gehienetan. Grinatsu zelairatu dira, eta beren jokamoldea ezarri dute zelaian. Athleticek hamargarren minuturako izan du lehen gol aukera argia, baloia langara jaurti baitu Oihan Sancetek. Iruindarrak orduantxe utzi du bere mailaren lehen printza; partida izugarri ona jokatu du. Akaso, Athleticen dagoenetik onena.
Oro har, jokalari guztiak fin aritu dira partidan zehar. Bai, behintzat, lehendabiziko 75 minutuetan. Athleticek asmatu du erasoan Bartzelonari arazoak sortzen. Defentsan, berriz, bi eratako estrategia baliatu du: aurkaria ito asmoz egin du presiora, baloia atzeko lerrotik ateratzea galarazi nahian, eta, lehen lerroa gainditu ondoren, bizkor itxi da atzean. Kataluniarrek sufritu egin dute atzeko lerroan: zer esanik ez Gerard Piquek min hartu eta gero. Bartzelonakoa 31. minutuan aldatu egin dute.
Ronald Araujok ordeztu du, eta gertu izan du saria. Gola egin baitu, nahiz eta epaileak ezerezean utzi: Martin Braithwaitek egindako falta adierazi du. Athleticen nagusitasunez, baina markagailua hutsean zela amaitu da lehen zatia.
Ilusioa zapuztu da
Bigarren zatiari lehengo lepotik ekin dio Athleticek. Gose handia erakutsi du Marcelino Garcia Toralen taldeak, eta hobetu du Elxen eskainitako irudi eskasa. Zuri-gorriek oinpean izan dute Bartzelona bigarren zatiko lehen ordu erdian. Berandu baino lehen jaso du horren saria, Iñigo Martinezen gol batek aurreratu baitu Athleticek. Neurketako 50. minutuan korner bat probestu du Ondarroako atzelariak, penalti puntuaren parean buruz errematatu eta baloia sareetara botatzeko. Athleticen eta Bartzelonaren arteko partidetan sartutako 600.a izan da.
Hurrengo minutuetan ere aise aritu da Athletic. Behin abantaila hartuta, zuri-gorriek aldea handitzeko aukera izan dute, baina ez dute asmatu. Garesti ordaindu dute hori; Bartzelonaren ate aurrean gehiegi barkatzeak ordaina izaten du. Eta halaxe jazo da San Mamesen. Bisitariek 73. minutuan orekatu dute partida. Dani Garciak akatsa egin du zelai erdian, eta bidea zabaldu dio kontrarioari. Baloia ateratzen asmatu ez, eta Antoine Griezmannek jaso du. Jokalari frantziarrak ezker hegalera jokatu du, Memphisekin, eta hark sareetara bota du baloia, jaurtiketa indartsu bat eginda. Kolpea izan da ordura artean hain ondo jokatu duten Athleticekoentzat,
Bartzelona estu hartu dute, eta horretarako egindako indar eskerga ordaindu dute gero. Pixkanaka, neurketaren pisua beren bizkar hartu duten Sancetek, Iñaki Williamsek eta enparauek abail egin dute, eta aurkaria hazi egin da egoera horretan. Ronald Koeman teknikariak freskotasuna lortu du aldaketen bidez, eta Marcelinok, berriz, gazteen aldeko apustua egin du.
Partidaren hondarrean markagailuari eusten saiatu da Athletic, eta lortu du. Ez hori bakarrik; azken unean bigarren gola egiteko aukera izan du. Eric Garciak falta bat egin du area ertzean —txartel gorria atera dio epaileak—, eta aldeko jaurtiketa hori probestu nahi izan du Iñigo Martinezek bere bigarren gola egin eta taldeari garaipena emateko. Kanpora bota du baloia.