Errugbia

San Mamesen jokatuko dute 2026ko Errugbiko Txapeldunen Ligako finala

Bilbok bigarren aldiz hartuko du Errugbiko Txapeldunen Ligako finala; izan ere, 2018an jokatu zen estreinakoz Europako kluben arteko txapelketa nagusia San Mamesen.

bilbo rugby
San Mames, 2018ko Txapeldunen Ligako finalean. ATHLETIC CLUB
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 31
17:30
Entzun

San Mames futbol zelaiak hartuko ditu 2026an kluben arteko Europako bi errugbi txapelketa nagusien finalak: Challenge koparena eta Txapeldunen Ligarena. Hala, hurrengo hilabete eta urteetan Athleticen zelaian izango den hirugarren kirol ekitaldi handia izango da; izan ere, aurtengo maiatzaren 25ean, bertan jokatuko da emakumezkoen futboleko Txapeldunen Ligako finala, eta 2025ean, orduan ere maiatzean, gizonezkoen Europa ligakoa. 2018an ere San Mamesen jokatu ziren errugbiko bi final horiek.

Bi izendapenak asteazken honetan jakinarazi dituzte, Cardiffeko Principality estadioan egindako ekitaldian. Bertan izan dira Cristina Mujika Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia, eta Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotzia.

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak errugbi federazioekin eta Athleticekin batera egin zuten eskaria. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak pozik hartu du berria: «Goi mailako errugbia Bizkaira itzuliko da, eta zaleentzat eta lurraldearentzat albiste bikaina da».

Bestalde, Otxandianok ondorengo azpimarra hau egin du: «Aukera paregabea da bigarren aldiz San Mamesen Europako errugbirik onena ikusteko. Gogotsu gaude, eta eskerrak eman nahi dizkiogu EPCR-ri nazioarteko kirol ekitaldi hau antolatzeko eman digun konfiantzarengatik. Espero dugu gutxienez 2018an lortu genuen arrakasta lortzea».

Dominic McKay EPCRko presidenteak, izendapenak iragarri dituzten ekitaldian, adierazi du «irrikaz» daudela Bilbora itzultzeko: «2018koa esperientzia bikaina izan zen jarraitzaileentzat eta klubentzat. Badakigu Bilbok ikusleak erakarriko dituela».

2018ko arrakasta

Duela bost urte, Erresuma Batuko Gloucester Rugby taldeak eta Galeseko Cardiff Bluesek jokatu zuten Challenge kopako finala. Beste finalean, Txapeldunen Ligakoan, Erresuma Batuko Leinsterrek eta Frantziako Racing 92k neurtu zituzten indarrak. Lehen finalean Cardiff nagusitu zen, eta bestean, Leinster.

Bilboko Udalak jakinarazi zuen 60.000 lagunek baino gehiagok bisitatu zituztela hirian zaleentzat jarritako hiru aisialdi guneak. San Mamesen, berriz, 52.282 errugbizale bildu ziren bi finalak ikustera. Talde zuri-gorriaren zelaian inoiz bildu den zale kopuru handiena da.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.