Donostiako badia ondoen ezagutzen duenetakoa da. Hari begira dago. Itsasoa nahasi samar dabil. Begirada berezia bota dio hainbeste eman dion lekuari. Juan Carlos Fontan (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1960) arraun munduko historia bizia da. Maisuetako bat. Zaharrenek eta ondorengo belaunaldikoek ederki gogoratzen dute, lehengo patroia delako, aspaldikoa, eta orain, gazteenek ere badute haren berri, Libia mitikoaren tostetan jarraitzen duelako.
Erronka adierazten du badiari egin dion begiradak. Ondo daki datorren ostegunean harremanetan jarri beharko dutela berriz. Auskalo zenbagarrenez. San Pedroren trainerua gobernatzeko ardura izango du, eta pronostiko guztietan, zazpi sailkatuen artean da Pasaiako ontzia. Ardura esan nahi du horrek. Ilusioarekin nahasitako ardura. 52 urteren bueltan ibili arren, eta esperien- tziaren talaiatik makina bat lehia bizi izanagatik, begirada desafiozkoan argia ikusten zaio Kon- txako banderan lehiatzeko aukeraaipatzen zaionean. «Teorian, aurreko urteetan baino aukera gehiago dauzkagu, San Miguel ligan erregular ari garelako, baina teoriak ez du balio; ostegunean egin behar da arraunean. Ezusteak beti egoten dira; faboritoren bat kanpoan geratu izan da beti», azaldu du maisuak. Aurreneko ikasgaia.
Aurkariek kezka eragiten diote, baina ardura beste zerbaitek ematen dio: «Urte hauetan guztietan, unerik mingarrienak trainerua menderatu ezin izan ditudanekoak izan dira, itsaso txarrarekin eta. Arraunlarien lana norberak harrika botatzea oso gogorra da». Maisuaren bigarren ikasgaia. Aurreko bi urteetan, Kontxara sailkatzeko estropadan, lekurik mingarrienean San Pedro geratu da: zortzigarren, sailkatu gabe geratzen den lehen traineruaren tokian. Zerbait badaki emaitza mingarri horien inguruan ere, denetarik izan baitu hainbeste urteko bidean: «Iaz, esaterako, segundo bategatik geratu ginen kanpoan. Gehiago eman behar zaio, ez dago misteriorik. Ezintasuna sentitzen da hain tarte txikiak kanpoan uzten zaituenean, baina kirola da, eta traineru denek nahi dute Kon- txan izan». Hirugarren ikasgaia maisuarena.
Handia litzateke harentzat berriz ere Kontxako lehian izatea. Azkenekoz egon zenetik, igaro dira urte batzuk: «1999an izan zela uste dut». Hamahiru urtean, etena izan du Fontanen eta Donostiako badiaren arteko harremanak. Orain, aukera dute bateratzeko, eta, zergatik ezkutatu, handia litzateke patroi mitikoa berriz ere estropada garrantzitsuenean ikustea. Nolabait esateko, lehengo eta oraingo garaiak elkarrengandik gertu jartzea litzateke. Aspaldiko haiei segida eman zien belaunaldiaren katebegia eta gaur egungoena lotzea. Izan ere, Fontan 1986an hasi zen patroi, «aurretik arraunlari izan eta gero», gogoratzen duen bezala.
Aurreko mendea amaitzeko urte batzuk falta ziren oraindik, eta arraun mundua oso lotua zegoen iraganera. Gaur egungo berrikuntzak urruti zeuden orduan. Garai haiek bizi izan zituen Fontanek, eta segida eman zion beste askorekin batera, egungo garaiak heldu bitartean. Orain, berezitasun moduan, hark izan dezake aukera garai berri hauetan Kontxan gozatzeko.
1989an, «sekulako poza»
Badaki zerbait horretaz. Bandera preziatua nola jasotzen den ondo daki, une zirraragarri hori lau aldiz bizi izan duelako. Patroi hasi eta berehala egokitu zitzaion aurreneko aukera: 1989an. «Berezia izan zen, aurrenekoa. Hiru urte lehenago eta urtebete aurretik bigarren eginak ginen. Sekulako poza sentitu nuen. Egia esatera, ondo ibiltzea espero genuen, baina Kontxako banderan ezer ez da segurua izaten, irabazi arte».
Orduan 26 urte zituen, eta patroi lanetan hasi berria zen. Ez zuen denbora asko behar izan garaipenari beste esanahi sakon bat aurkitzeko: «Urte askotako lanaren ondorioa izan zen. Denboraldi horretako eta aurrekoetako entrenamenduak... Ez da eguneko lana bakarrik. Saria da, aurretik egindako lanak emandakoa». Maisuaren laugarren ikasgaia.
1991n izan zuen garaipen preziatuari beste esanahi sakonen bat aurkitzeko aukera, orduan irabazi zuelako bigarrenez Donostian: «Aurrekoa baino errazagoa izan zen. Poza antzekoa da aurrenekoarekin alderatuta, nahiz eta lehendabizikoa ezberdina izan. Hemen irabaztearen poza, hala ere, ez dizu inork kentzen». Hurrengo bi banderak 1993an eta 1994an bereganatu zituen: «Sekulakoak izan ziren bi urte haiek, eta erraz antzean irabazi genuen. Tira, ez: 1994an estu ibili ginen, istripu bat tarteko. Lehen egunean, alde polita atera genion Oriori, eta bigarrenean ere ondo gindoazen, baina ziabogan, baliza jo eta trainerua pitzatu zitzaigun. Bueltakoan, eskerrak ura pixkanaka sartu zitzaigun eta nola edo hala moldatu ginen. Azkenean, bi segundoren aldea egon zen gure eta Orioren artean». Horrela irabazteak aparteko esanahia ote duen galdetuta, azkar bota du ezezkoa: «Ez zait gustatzen horrela irabaztea. Ez genekien iritsiko ginen, eta sekulako itolarria sufritu genuen».
Irabaztearen gozoak ia beti izaten du ez irabazi izanaren gazia alboan. Eta Fontanek ere makina bat aldiz igo behar izan du Donostiako kaiko arranpla burua makurtuta. Bigarren lekuan askotan heldu izan da Kontxan. Gogoeta hau egin du horren inguruan: «Uste dut hamalau urtez segidan sartu ginela ohorezko txandan, eta irabazi, lautan irabazi genuen bandera. Pentsa zein zaila den hemen irabaztea! Denek nahi dute bandera; denek lan egiten dute bandera astintzeko». Maisuaren bosgarren ikasgaia. Bigarren leku horien artean, batek eman zion aparteko mina: «1990ean, lehen igandean nagusi izan ginen, baina bigarrenean San Juanek aurrea hartu zigun. Aukera handia geneukan irabazteko, baina ihes egin zigun, eta bigarren egin behar».
San Juan eta Orio. Fontanen aurreko garai hartan, bi horiek izan zituen aurkari handienak: «Bat ez bazen, bestea izaten zen», gogoratu du patroiak. Eta beste bi patroi mitikoren izenak aipatu ditu: Jose Luis Korta eta Juan Mari Lujanbio. «Bakoitzak bere alde egiten zuen, baina hortik aparte, ez genuen txarretik ezer eduki».
Zenbat lehia ez ote zituzten izan hiruren artean: San Pedro, Orio eta San Juan. Hiru klub handi. Bakoitzak bizi izan du bere aro gozoa, eta San Pedrorenak gobernatzen Fontan ibili zen. Aurreko mendeko 90eko hamarkada izan zen oparoa, eta garaipenen zerrenda ez dute Kontxako lau bandera horiek soilik betetzen. Askoz zabalagoa da: «Asko irabazi genituen, eta ez dakit zenbat izan ziren». Hainbesteren artean, ba- tzuk berezitzat dauzka: «Kontxakoak, nola ez, apartekoak dira, eta gero, gogoan dut Nerbioiko bandera, Milioiko bandera esaten zioten hura. Bilbon zen, eta lauzpabost urte jarraian irabaziz gero, modu berezian bordatutako bandera ematen zuten. Milioi bat pezeta balio zuela esaten zen; fama hori zuen, behintzat. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak asko irabazi genituen, eta haiek ere gogoan dauzkat».
Lehengo eta oraingo garaiak
Irabazteko, ibili egin behar, eta Fontanen ibilbidea aspaldi hasi zen: «Hamazazpi-hemezortzi urterekin hasi nintzen. Torre atzekoa naiz; kluba han dago, eta uretan bizi izan naiz betidanik. Beti gustatu izan zait futbola, aretoko futbola batez ere, baina lagunen atzetik hasi nintzen arraunean, eta hemen jarraitzen dut».
Hasierako ibilbide loriatsu hura 2000n eten zuen; «nekatuta, egunero lanetik entrenatzera joatea gogorra delako». Baina 2010ean hasi zen berriz: «Klubetik deitu zidaten, eta ezezkotan nengoen, baina azkenean, baietz esan, eta hemen nabil, gustura». Gauza baten falta sumatzen du lehendik: «Orain, itsasoan gutxiago egiten dira entrenamenduak, eta patroiak itsasoan behar du ibili, zailtzeko. Entrenatzaileak erresistentzia lantzearen aldekoak dira orain». Aldatu, asko aldatu da arrauna: «Entrenatzeko metodoak ezberdinak dira, eta materiala ere aldatu egin da».
Badaki zerbait materialaz, arotza delako eta traineruak egiten zituelako: «1994an utzi genion, zuntzezko ontziak egiten hasi zirenean. Guk zurarekin lan egiten dugu, eta saiatu ginen zuntzezkoa egiten. Baina ez genuen baliabiderik, eta zurezkoak saltzeko ez zegoen eskaintzarik».
Hizketan ari den bitartean, San Pedroren bigarren ontzia pasatu da azpitik, entrenamenduan. Aquarium albotik doa, lehen kaletik oso gertu. Horra Fontan eta Kontxaren arteko lotura egiteko beste heldulekua. Zenbat oroitzapen: «Askotan tokatu izan zait kale hori, eta horregatik deitzen diote San Pedro kalea. Txarra dela diote, baina hortik joanda ere irabazi izan dugu. Eguraldiak egiten du kale hori ona edo txarra. Haizeak ekialdetik jotzen duenean, ona da, babesa ematen duelako; mendebaldetik jotzen badu, ez da ona, lehorrera bultzatzen zaituelako». Maisuaren seigarren ikasgaia. Gaurkoz, azkena. Gustatuko litzaioke lehen kalearekin borrokan edo gozo ibiltzea iraileko lehen bi igandeetan. San Pedro sailkatu dela esan nahiko luke.
San Pedroren Biblia da
Juan Carlos Fontan patroi historikoa da. Iragana eta oraina biltzen ditu. 1986tik 2000ra aritu zen bere taldean, San Pedron, eta orain hiru urtetik berriz ere Libia traineru mitikoa gobernatzen ari da. Lau aldiz irabazi du Kontxako bandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu