Zer egiten du Xakhtar Donetsk taldeak Txapeldunen Ligako final-laurdenetan? Horra futbolzale askoren galdera, inork ez baitzuen espero Ukrainako ordezkari bat lehiaketaren fase horretan. Denboraldiko ezustea ematen ari da. Bitxitasuna marrazten. Emaitzen alorrean ez ezik, jokalarien jatorrian ere berezia da taldea. Izan ere, zazpi brasildar dauzka. Zer egiten dute Brasilgo jokalari horiek Ukrainako hiri hotz batean?
Futbolean jokatu, hasteko. Hori begi bistakoa da. Eta diru asko irabazi. Hori ez da hain agerikoa, daturik ez delako, baina txanponen hotsagatik ez balitz, nekez joango lirateke Europako mutur batera eta Liga ahul batera Hego Amerikako beste muturretik. Diruarenak badu funtsa, taldeko nagusia nor den ikusita: Rinat Ajmetov aberatsa. Munduko berrogeita hamar lagunik aberatsenetakoen artean da, eta Europan berak omen du diru gehien. Meategiak ditu negozioaren ardatz, eta Donetsk horixe da, meategien hiria. 1869an sortu zuen John Hughes enpresari galestarrak, meategi jarri berrien inguruan. Baina brasildarrak ez daude han lur azpiko lanerako.
Zelaian beren artista dohainak baliatzeko fitxatu dituzte. Edo fitxatzen dituzte, ohikoa baita brasildarrez betea ikustea taldea. Azken urteetako joera du taldeak. Zergatik aldatu, emaitzak onak baldin badira? Azken denboraldietako ibilbideari errepaso azkarra ematea besterik ez dago lorpenezjabetzeko: 2000ko lehen hamarkadan, bost aldiz irabazi zuen Ukrainako Liga; lau bider Kopa; hirutan Superkopa; eta duela bi urte, historiako garaipenik sonatuena: UEFA kopa. 2-1 irabazi zion Werder Bremeni, eta bi golak brasildarrek sartu zituzten: aurrenekoa Luiz Adrianok, eta bigarrena Jadsonek.
Biek jarraitzen dute taldean. Gainerako bost erkideak hauek dira: Alex Teixeira, Douglas Costa, Willian, Fernandinho eta Eduardo da Silva —Kroaziako herritartasuna ere badauka Arsenaleko aurrelari ohiak—. Datuak alderatze aldera, Ukrainako jokalariak hamabost dira. Hala izanik, eta hegoamerikarren abilezia eta berezko ezaugarriak kontuan izanda, taldea beraien jiran antolatuta dauka Mircea Lucescu entrenatzaile errumaniarrak. Brasildarrei hainbeste gustatzen zaien joko alaia erakusten du zelaian. Ezin zuen bestela izan. Eredu trinkoagoaren eta itxiagoaren aldeko apustua egitea, taldea amildegitik botatzea izango zen.
Zazpiko horretatik, lau dira gehien jokatzen dutenak: hegaletan jokatzen duten Willianek eta Douglas Costak, eta Jadson eta Luiz Adriano aurrelariak. Laurak dira oso azkarrak, eta txikizio handiak eragiten dizkiete aurkariei. Fernandinho erdilaria ere oso jokalari ona da, baina sasoi ia osoa min hartuta egon da, eta duela gutxi hasi da jokatzen —biharko deialdian sar daiteke—. Brasildarren garrantzia azaltzeko, datu hau da nabarmena: 55 gol sartu dituzte guztien artean denboraldi honetan, lehiaketa guztietan. Golegile abilena oraingoz Luiz Adriano da: hemezortzi sartu ditu txapelketa denak kontatuta. Txapeldunen Ligan ere bera da onena estatistikaren alor horretan, Eduardo da Silvarekin batera, launa gol egin baitituzte.
Gazte fitxatzen dituzte
Brasil eta Ukraina lotuta daude azken denboraldietan, eta Xakhtar da bien arteko lotura. Ez ditu Hego Amerikako herrialdetik jokalariak urtez urte ekartzendauzkanak ordezkatzeko; egonkortasuna du ezaugarri. Brasildar gehienek denboraldi asko daramate taldean: Jadsonek zazpigarrena du hau, Fernandinhok seigarrena, Luiz Adrianok bosgarrena, eta Willianek laugarrena. Beste hirurak berriagoak dira: Douglas Costa eta Alex Teixeira bigarren sasoia ari dira osatzen,eta Eduardo da Silva aurrenekoa.
Beste ezaugarri batek ere bateratzen ditu ia denak: oso gazterik fitxatu zituzten. Luiz Adriano 22 urterekin hasi zen Xakhtarren jokatzen; Jadsonek ere beste horrenbeste zituen Ukrainarako hegaldia hartu zuenean; Fernandinhok, berriz, 20; eta Alex Teixeirak 19 baino ez, Douglas Costak eta Willianek bezala.
Sanba meategian
Xakhtar Donetsk-ek ustekabekoa eman du sasoi honetan Txapeldunen Ligan, eta zortzi onenen artean dago. Zazpi jokalari brasildar dauzka Ukrainako klubak, eta haiek dira taldeko izarrak eta golegileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu