Golak. 0-1: Williamsek (34. min.).
Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horia Celtako Braisi eta Beltrani eta Athleticeko Simoni.
Bestelakoak. 5.492 ikusle Balaidos Vigoko estadioan.
Athletic lasai iritsiko da denboraldiko lehen eten luzera. Lehen jardunaldietako itxura ona garaipen bilakatzea behar zuen eta Vigon puztu du puntu uzta --bost lortu ditu hiru partidatan--. Ez du partida bikainik egin, baina bai serioa. Atzean sendo aritu da, Celta deseroso jokatzera behartuz, eta erasoan aurkarien huts bat baliatu partidako gol bakarra sartzeko (34. min.). Aidoo etxekoen erdiko atzelariak baloi inozo bat galdu du Oihan Sanceten presioaren aurrean, eta haren pasea sareetara bidali du Iñaki Williamsek.
Azken asteetako eztabaida inozoa izan da Williams goleatzailea den ala ez. Egia da sekulako aurrelari senik ez duela, baina beste bertute handi batzuk ditu, eta asko ematen dio taldeari. Golean, esaterako, oso ondo jarraitu du jokaldia eta patxada izan du jaurtitzean. Golaren meritu handiena, dena den, Sancetena izan da. Indarrak iraun dioten bitartean partida ikusgarria egin du. Hura da taldearen albiste onena sasoia hasiera honetan.
Celta hobea izan da lehen zatian. Baloia kontrolpean izan du eta Athleticen baino aukera gehiago izan ditu. Nolitok eta Santi Minak susto bana eman dute lehen ordu erdian baina ez dute Iñigo Simon izutu. Marcelinok haren aldeko aukera egin du eta atearen jabea zein izango den argi utzi du. Etxekoak hobekien zeudenean iritsi da Athleticen gola. Esan bezala presioak bere fruitua eman du, eta zuri-gorriek ondo kudeatu dute aldea atsedenaldira arte.
Bigarren zatia ezberdina izan da. Emaitza alde, Athleticek konfiantza handiagoz jokatu du, eta gaina hartu dio aurkariai. Atzean itxaron dio Celtari, kontraerasoaren bila. Gola ere sartu du zatia hasi eta berehala (49. min.), baina Mateu Lahoz epaileak ez du ontzat eman VARa begiratu ondoren. Berenguerrek buruz buruko jokaldi bikaina egin eta haren erdiraketa sareetara bidali du Williamsek. Jokaldian, baina, falta egin dio Denis Suarezi. Ez zen beharrezkoa, izkin egina zion ordurako, baina bai, besoarekin falta egin dio.
Bigarren zatiak aurrera egin ahala partida ireki egin da. Celtak itsu-itsuan egin du aurrera eta zulo asko utzi ditu atzean. Athleticek bigarren gola sartzeko aukera garbiak izan ditu, baina ez ditu baliatu. Etxekoek ere estu hartu dute Simon, baina Athleticek ondo kudeatu ditu azken minutuak eta ez du gehiegi sufritu.