Eusko Label liga

Santurtzi azkarrena Aresen

Sotera ontziak denboraldiko bosgarren bandera irabazi du, Hondarribiari azken txanpan nagusitu ostean, Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldian, Aresen (Galizia); 74 ehunen besterik ez dizkio atera Ama Guadalupekoa traineruari, eta bostera du orain sailkapen nagusian. Zarautzek maila galdu du, eta KAE 1era jaitsi da.

jarraia202479.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko abuztuaren 28a
21:11
Entzun

Santurtzik bi asteburu zeramatzan banderarik irabazi gabe, eta orain arte Eusko Label ligako talderik indartsuena izanagatik, Sotera ontzian dabilen arraunlariarentzat ez da bat ere samurra izaten lau estropadetan trapurik ez etxeratzea. Bada, Iker Zabala eta haren kuadrillak ez dute irabazlearen sena galdu. Aresen nagusitu dira gaur, Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldian. Eta nola gainera. Santurtzik eta Hondarribiak aurtengo denboraldiko buruz buruko lehiarik handiena izan dute helmugara arte, arraunzaleen gozagarrirako. Santurtziarrek, Gorka Aranberriren gidaritzapean, sekulako joaldia egin eta gero, Hondarribiari aurrea hartu eta azkarrenak izan dira; 74 ehunen besterik ez dira egon ligako lehen bi talde indartsuen artean.

Galizian ohikoa den bezala, mendebaleko haize petrala zebilen, eta eremua itsaso betean ez dagoenez, barrualdean bezala egin zuten arraun, olatu ale txiki apurren artean; halere, kanpoko balizetan bazen mugimendurik. Patroientzat galtza bete lan ontzia gogortuta eramateko. Haizeak lehenengo kaletik laugarrenerako norabidea zuzenez, estropadako aurreneko bi minutuetan lehendabiziko kalean zihoazen ontziek babes gehiago zuten kanpoko kaleetakoek baino. Lehen txandan Isuntzak aurreneko kaletik egindako lan onari Cabok segida eman zion bigarrenean. Hondarribia joan zen kale horretatik ohorezko txandan, eta ondo baino hobeto ekin zion lehen txanpari. Ama Guadalupekoa ontziaren ondoan, Donostiarra, Santurtzi eta Zierbena zihoazen, hurrenez hurren. Hasieratik, Hondarribiaren eta Santurtziren traineruen brankak estropada burua partekatzen ari ziren. Dena den, Zierbena ez zen aparte. Donostiarrak, aldiz, hiru segundoko atzerapena zuen ordurako.

Kanporanzko luzean, istriborreko arraunlariek pala uretatik garbi ateratzeko lan nekeza zuten. Santurtzi eta Hondarribia ia parean heldu dira lehen ziabogara, bainaIoseba Amunarriz berdeen patroiak Aranberrik baino ziaboga estuagoa eta azkarrago egin du; zehazki, segundo bateko errenta hartu du Mikel Orbañanosen taldeak. Zierbena hirura zen, eta Donostiarra seira. Minutuak aurrera joan ahala, estropada bitan hautsi da; Hondarribia eta Santurtzi aurretik, eta Zierbena eta Donostiarra atzetik. Aurreko bi oilarren arteko borrokan, GPS dantzari zebilen; une batzuetan Hondarribiari segundo bateko errenta ematen zion gailuak, baina segituan Santurtzi parean jartzen zen. Kuadrilla bakoitza zintzo demonio lanean ari ziren, beren arraunketari segika. Hirugarren ziabogara, Sotera ontzia pare bat tosta aurretik heldu zen. Azken luze zirraragarria falta zen bandera nork eramango zuen jakitek.

Amunarriz Hondarribiko patroiak istriborrera joateko inongo eragozpenik ez zuen, eta haizearen norabideari segika, hirugarren kalerako norabidea hartu zuen, Santurtziren ondoan jartzeraino. Segundo bakarreko aldea zuten berdeek; huskeria batzuetan; nahikoa besteetan. Apurka-apurka, bi ontzietan hankean zihoazen arraunlariek palakadaren erritmoa sarritzen joan dira. Azken 400 metrotan, biak ala biak herio bizian joan dira, lehertzera. Ama Guadalupekoa traineruaren branka aurretik zen, baina Sotera ontzia azkarrago zihoan, harik eta parean jarri eta lehena helmugaratu den arte. Garaipena eta puntu bat gehiago sailkapen nagusian; hiru jardunaldiren faltan bostera du orain Hondarribia. Donostiarra hirugarrena izan da; Zierbernak, aldiz, seigarren egin du, eta bigarren txandatik ariko da bihar, Moañan (12:13, ETB 1). Talde horren ordez, Cabok egingo du arraun ohorezko txandan.

Hain justu, Cabok eta Oriok bigarren txanda irabazteko borroka handia izan dute. Azken ziaboga, galiziarrek lau segundoko abantaila zuten oriotarrekiko, baina itzulerako luzean, apurka-apurka, San Nikolas ontzia aldea murrizten joan da, azken txanpan ia parean egoteraino. Amaieran, ordea, Caboko gorriak nagusitu dira, eta 44 ehunen besterik ez dizkiote atera Jon Salsamendiren taldeari. Hirugarren postuan Urdaibai sailkatu da, zortzi segundora, eta Ondarroak 32 segundoko atzerapena izan du; estropadako sailkapen nagusian bederatzigarren amaitu du.

Lehen txandan, Isuntza izan da azkarrena, baina Aresek azken palakada arte ez du amore eman; segundo bakarreko aldeaz nagusitu da Lekittarra, eta gaur bigarren txandan ariko da, Moañan. Hain justu, errenta bera atera dio Tiranek Zarautzi, atzetik aurrerako estropada egin ostean. Azken estropadaren faltan, sailkapen nagusian, hamabi puntura handitu da Tiranen eta Zarautzen arteko aldea, galiziarren alde. Horrenbestez, Enbata ontziak maila galdu du, eta KAE 1 ligara jaitsi da, Eusko Label ligan bi urtez aritu ostean. Moañako taldeak, berriz, jaitsierako kanporaketak jokatuko ditu, biak Bizkaian: irailaren 18an, Bermeon, eta irailaren 19an, Portugaleten.

Areseko estropada

1. Santurtzi 19.56,94

2. Hondarribia 0,74ra

3. Donostiarra 18,70era

4. Cabo 21,70ra

5. Orio 22,14ra

6. Zierbena 23,38ra

7. Urdaibai 30,70era

8. Isuntza 53,41ra

9. Ondarroa 54,24ra

10. Ares 54,95era

11. Tiran 1.12.75era

12. Zarautz 1.14.77ra

Eusko Label ligako sailkapen nagusia

1. Santurtzi 181 puntu

2. Hondarribia 176 pt.

3. Donostiarra 155 pt.

4. Zierbena 148 pt

5. Orio 148 pt.

6. Urdaibai 128 pt.

7. Ondarroa 92 pt.

8. Cabo da Cruz 90 pt.

9. Ares 76 pt.

10. Isuntza 72 pt.

11. Tiran 51 pt.

12. Zarautz 39 pt.

ETE eta KAE 2 ligak, kito
Atzo amaitu ziren ETE eta KAE 2 ligak. Emakumezkoek Erandion (Bizkaia) izan zuten azken estropada, eta Tolosaldea ligako txapeldunak hamargarren bandera irabazi zuen. Talde horrekin batera, Deustu ariko da Euskotren ligako igoerako kanporaketan.

KAE 2 ligan, bestalde, Hondarribia B nagusitu zen Colindresen (Espainia), sasoi honetan bigarrenez. Busturialdea KAE 1 ligan ariko da datorren denboraldian; Portugalete eta Hondarribia B, berriz, igoerako kanporaketan ariko dira. KAE 1eko Castro eta Camargorekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.