Denboraldiko hirugarren bandera astindu du gaur Santurtzik, Eusko Label Ligako liderrak. Atzo ez zuten estropada ona egin Castron (Kantabria, Espainia); laugarren egin zuten, eta gaur kendu dute aho zapore txarra. Iker Zabalaren taldeak atzetik aurrerako estropada egin du, eta azken luze bikain batek balio izan dio Lekeitioko (Bizkaia) bandera eskuratzeko.
Itsas zabalean egiten da Lekeitioko bandera, eta gaurkoa estropada ikusgarria izan da jarraitzaileentzat; olatuak hartzen asmatu behar izan dute traineruek. Kaleek ere eragina izan dute: barnekaldeko kaleak hobeak ziren kanporanzkoan, baina kanpokaldekoak hobeak itzultzerakoan. Laugarren kaleko ontziei kalte egin die itsasoak.
Gauzak hala, ohorezko txandari bikain ekin dio Donostiarrak lehen kaletik, eta lehen ziabogarako zazpina segundo ateratzen zizkien Santurtziri eta Oriori, eta hamar Hondarribiari. Hortik aurrera, ordea, tarteak murriztuz joan da Sotera. Gorka Aranberri bizkaitarren patroia maisua da olatu txikietan, eta hala erakutsi gaur beste behin ere. Hirugarren ziabogara parean heldu dira Santurtzi eta Donostiarra, baina azken luzean hamar segundo atera dizkio Donostiarrari Aranberrik gidatutako ontziak.
Dena den, amaierara arte aukerak izan ditu bigarren txandako irabazleak, Urdaibaik. Erlojupekoa egin behar izan dute santurtziarrek, eta azkenean traineru bat eskas atera diote Bou Bizkaiari, hiru segundo. Hondarribiak Donostiarrari aurrea hartu dio azken txanpan, eta puntu garrantzitsu bat salbatu du sailkapen nagusirako.
Beheko lehia
Orio bosgarren izan da, eta bi segundo eskasera estropada ederra egin duen Ondarroa. Sailkapen nagusiko zazpigarren postuan dira bizkaitarrak, eta bi punturen aldea dute Caborekiko. Etxeko taldea, Lekittarra, bederatzigarren izan da, eta hamargarren Zarautz. Asier Puertasen taldeak, azken postua saihesteko lehian, bi puntu jan dizkio Tirani azken asteburuan. Zierbenak ezin izan du lehiatu atzo eta gaur, taldeko kide batek COVID-19an positibo eman duelako.