Lau t'erdiko txapelketako finalaurrekoa jokatuko dute larunbatean Ekaitz Saralegik eta Olaizola II.ak, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Gaur, partidarako pilotak aukeratu dituzte frontoi horretan bertan. Ekaitz Saralegik hatzeko minarekin jarraitzen duela adierazi du, baina "bere maila onena emateko moduan" dagoela adierazi du. Are gehiago, hatzaren egoera "aitzakia ez" dela izango nabarmendu du Amezketako (Gipuzkoa) pilotariak. Gaineratu duenez, norgehiagorako ez du hatza lokartuko. Izan ere, hatza lokartuta saioa egin duela jakinarazi du pilotariak, baina dioenez, ez da emaitzarekin pozik geratu.
Olaizola II.ak, bere aldetik, larunbatekoa "partida zaila" izango dela aurreratu du. Beste behin ere, "bere egoerarik onenean ez" dagoela esan du Goizuetako (Nafarroa) aurrelariak. Edonola ere, nafarraren alde daude apostuak,100-30ri. Azken orduko ezustekorik ez bada, Labrit pilotalekua ez da beteko; oraindik kantxako 200 sarrera geratzen dira saltzeko.